Jiu-jitsuak badu etorkizunik

Gipuzkoako Hitza 2018ko mar. 2a, 14:12
Jonathan Terron eta haren jiu-jitsu ikasleak; zutik, ezkerretik hasita laugarrena da Terron. (Jonathan Terron)

Borroka arte japoniarra da jiu-jitsua, eta Azpeitian bizi da Europako txapelduna: Jonathan Terron. Haren zaletasuna herriratuta, gazte asko hasi da kirol horretan. Gipuzkoako Hitza egunkariak erreportajea egin du kirol horren inguruan. 

Jatorria Japonian daukan kirola da jiu-jitsua. Euskal Herrian ez da futbola, saskibaloia edo esku pilota bezain ezaguna; ez dute telebistaz eskaintzen, eta haurrek ez dute eskola kirolean egiten. Baina Gipuzkoan bada herri bat non jiu-jitsua oihartzuna hartzen ari den; eta ez da gutxiagorako, bertan bizi baita jiu-jitsuko Espainiako eta Europako txapelduna: Jonathan Terron da haren izena (Urretxu, 1981), eta Azpeitin bizi da aspalditik. Udan egindako oporraldi batean ezagutu zuen jiu-jitsu kirola, eta orduz geroztik hori da haren "pasioetako bat". Orain, Azpeitiko gazteei transmititu die zaletasuna: hamabost lagun aritzen dira Terronekin jiu-jitsuan, eta nola borrokatu ikasten.

"Haurra nintzenetik atsegin izan dut arte borroken mundua. Jean-Claude Van Dammen filmak gustatzen zitzaizkidan, eta aitari beti esaten nion handitan nik ere horrelakoak egin nahi nituela", kontatu du gaur egungo jiu-jitsuko Europako txapeldunak. “Gaztetan hasi nintzen: aurrena, jiu-jitsu tradizionala, eta, ondoren, judoa".

Terronek azaldu duenez, "defentsa pertsonalerako" erabiltzen da jiu-jitsua, eta txapelketetarako egokitu dute. Lehenik, aurkaria eraitsi egin behar da, eta, ondoren, borrokak jarraitu egiten du, baina lurrean. "Helburua da aurkaria mendean hartzea, eta hark amore ematea; sumisio kontua da, beraz. Gaur egun, jende askori gustatzen zaio kirol hori".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.