Labetik atera berri den 'Errementari' eta 'Harpetarrak' filmak izango dira ikusgai asteburuan Soreasun

Uztarria.eus 2018ko mar. 2a, 11:05

Asteburuarekin batera iritsiko da zine eskaintza Soreasu antzokira. Aste honetan Errementari eta Harpetarrak filmak izango dira ikusgai. Errementari hiru aldiz emango dute: bihar, zapatua, 22:00etan; igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan. Horrez gain, haurrei zuzenduta, Harpetarrak filma emango dute igandean, 16:30ean hasita. 

Errementari Euskal Herrian ekoiztutako filma da, fantasia generokoa. 10 urte pasatu dira 1833ko lehenengo Gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortzen du, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.

Harpetarrak animaziozko filma da, Erresuma Batuan ekoiztua. Dug harpetarra eta Urde basurdea dira Aardmanen abentura berri honetako protagonistak. Bi zibilizazio, Harri Arokoa eta Brontze Arokoa, lehian ari dira historian bitartetxo bat lortzeko. Nola? Ba euren arbasoek irakatsi zien moduan: "joko sakratuarekin". Historian jokatuko den partidarik epikoena izango da! Jokoan ez dago kopa bat, baizik eta Dugen tribuak bizirik jarraitzea. Euren basoa arrriskuan ikusten baitute Brontze Aroko gizon maltzurra heltzean.