'Bizimiñak' antzezlanaren tripak ezagutu dituzte Gaztelekuko kideek

Mailo Oiarzabal 2018ko mar. 1a, 12:39

Itzel konpainia Bizimiñak antzezlana prestatzen aritu da Azpeitiko Soreasu antzokian, Kulturaz kooperatibak eskaintzen dituen sormen egonaldien bidez. Duela hiru bat urte hasi zen kooperatiba konpainiei aukera hori eskaintzen, eta ordutik, hainbat taldek Soreasun sortu dituzte beren obrak. Herriak aukera hori eskaintzen die antzezleei, baina trukean, herriak ere bueltan zerbait jasotzea da helburua. Horregatik, gazteekin saio bereziak antolatzen ditu Kulturazek, haiek antzerkia gertuagotik ezagutu eta sormen egonaldien berri izan dezaten.

Atzokoan, Gaztelekuko kideak izan ziren Soreasun, Itzel konpainiaren Bizimiñak antzezlana ezagutzen. Itziar Elias azkoitiarra eta Maddi Irazoki eta Dani Irazoki anai-arreba berarrak (Nafarroa) dira obra horretako partaideak, eta haiek zuzenean kontatu zizkieten obraren nondik norakoak eta sortze prozesua. Gatazkak eragindako minen ingurukoa da antzezlana, eta zuzeneko musika eta pintura ere baditu emanaldiak. Gustura entzun zituzten gaztetxoek obraren nondik norakoak. “Inportanteak sentitzen gara”, esan zuten batek baino gehiagok.

Bihar, ostirala, estreinatuko dute obra Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Uztarriak, Urola Kostako Hitzak eta Kulturazek elkarlanean, Mikrouhinak atalaren barruan, antzezlanaren inguruko bideoa argitaratuko dute bihar, eta, horrez gain, Urola Kostako Hitzak antzezlanaren inguruko erreportajea ere kaleratuko du.