Udal langileen elkarretaratzea ostiralerako deitu du ELAk

Uztarria.eus 2018ko ots. 28a, 11:50

Elurra dela eta, bertan behera utzi dute Azpeitiko Udaleko langileek gaur egitekoa zuten elkarretaratzea, baina Azpeitiko Udaleko langileek sailez sail erabaki dute lanuztea egin edo ez; esaterako, udal brigadako langileek lanean jardun dute. Gaurko elkarretaratzea bertan behera gelditu denez, ELAk ostiralerako jarri du kontzentrazioa egiteko hitzordua, 11:00etan hasita, plazan. LABek esan du datozen egunetan aztertuko duela beste data batzuetan egitea protestak.

Elurra dela eta, bertan behera utzi dute Azpeitiko Udaleko langileek gaur egitekoa zuten elkarretaratzea, baina Azpeitiko Udaleko langileek sailez sail erabaki dute lanuztea egin edo ez; esaterako, udal brigadako langileek lanean jardun dute. Gaurko elkarretaratzea bertan behera gelditu denez, ELAk ostiralerako jarri du kontzentrazioa egiteko hitzordua, 11:00etan hasita, plazan.

LABek ohar bidez azaldu duenez, elurtearen ondorioz erakundeek emergentzia planak aktibatu dituzte, eta horrek lanuztera deituta zeuden langile askori eragin die: "Langile asko lanera deituak izan dira eta beste batzuek ezin izan dute lanera joan". Dena den, sindikatuak esan du azken bi hilabeteetan batzar ugari egiteaz gain, udal askotako langileek aldarrikatu dituztela sindikatuaren eskakizunak. "Hala eta guztiz, horrelako egunetan herritarrei arreta berezia ematen dieten gure lankideek. Herritarren mugimenduak errazteko kaleak garbitu dituzte gure lankide askok, herritarrek aldeko hautua eginda eta gure eskubideen aldarrikapenaren kaltetan. Gainera, lanuztea egin beharko luketen egunean lanaldi luzeagoa izango dute seguru asko".

Horregatik guztiagatik LABek uste du gaurko deituta zeuden mobilizazioak ezin direla "behar bezala" gauzatu, eta esan du datozen egunetan aztertuko duela beste data batzuetan egitea protestak. Langileak zoriondu ditu sindikatuak "mobilizazioen alde erakutsitako jarreragatik eta gaur zerbitzu publikoen eta herritarren alde egiteagatik". Herri batzuetan lanuzteak eta protestak egin dituzten arren, LAB sindikatuak esan du ez dagoela gaurko lanuztearen jarraipena egiterik. "Deialdi nagusiak gauzatzerik izan ez bada ere, txalotu egin nahi ditugu leku askotan kontzentrazioak egiteko eta kaleetan aldarrikapenak jartzeko egin duten ahalegina".

ELAk eta LABek deitu zituzten gaurko udaletako eta foru aldundietako langileen lanuzteak, "lan baldintzen alde, enpleguaren defentsan eta zerbitzu publikoak indartzea" eskatzeko. Sindikatuek salatu dute azken urteetan "lanpostu ugari" galdu direla udaletan eta aldundietan, eta hutsik geratu diren lanpostuak bete gabe utzi dituztela adierazi dute, "zerbitzu osoak pribatizatuz eta administrazio paralelo bat sortuz". "Gainera, betetzen diren lanpostuak behin-behineko langileez ordezkatzen dira, eta pribatizazioak langileen lan baldintzak okertzen ditu beti". Hain zuzen, ohartarazi dute administrazio publikoko langileen %36 behin-behinekoak direla, eta gogoratu dute %6koa izan behar duela langileen behin-behinekotasunak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako langileen lan baldintzak finkatzen dituen Udalhitz hitzarmenean jasota dagoenez.

Sektorean dagoen negoziazio kolektiborako "borondate falta" salatu dute sindikatuek, eta erakundeek "ildo propio bat" eratu behar dutela azpimarratu dute, "herritarroi ematen zaizkigun zerbitzu publikoak bermatzeko eta horiek kalitatez egiteko". Hori hala, Udalhitzeko mahaian ez parte hartzea erabaki dute, "hitzarmena betetzeko pausoak eta bermeak eman arte". Horrez gain, alderdiei dei egin diete beraien jarrera publikoki ager dezaten.