Gogotik egin du elurra Azpeitian ere

Uztarria.eus 2018ko ots. 28a, 09:23

Gaur goizaldean elurra egingo zuela iragarrita zegoen, eta halaxe izan da. Eguraldi iragarleek esandako moduan, zuri esnatu dira Euskal Herriko barnealdeko eta kostaldeko txokoak. Gogotik egin du elurra Azpeitian ere, eta horren lekuko dira bildu ditugun herriko hainbat txokotako irudi hauek.

Dena den, paraje bereziak ez ezik, hainbat arazo ere eragin ditu elurrak gaur goizean. Azpeitia inguruko errepideen egoera tarteko, batek baino gehiagok arazoak izan ditu lanera joateko. Gainera, zenbait mendate eta errepide itxita egon da elurraren ondorioz. Trafiko Zuzendaritzak 14:56an kaleratutako datuen arabera, inguruko mendate eta errepide guztiak garbituta daude. Dena den, Azkaraten, Urrakin, Mandubian eta Bidanian tentuz gidatzea gomendatu du.

Azpeitiko Udalak elurrari aurre egiteko protokoloa martxan jarri du. Errepidean "argi" ibiltzea aholkatu du, eta "ahal izanez gero" autorik ez hartzea gomendatu. Gainera, jakinarazi du dagoeneko hasi direla udal langileak kaleak eta baserri bideak garbitzen. Arazoak dituzten herritarrek Udaltzaingoaren 943 15 13 13 telefono zenbakira dei dezakete.

Bestalde, Lurraldebudek adierazi du autobus zerbitzu gehienak bertan behera gelditu direla.

Ikastetxeetan izan du eragina elurrak; hain zuzen ere, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin bertan behera utzi dituzte eskolak. Dena den, ikastola irekita egongo dela eta gutxieneko zerbitzuak emango dituztela jakinarazi dute. Urola ikastolan ere eskola guztiak utzi dituzte bertan behera. Karmelo Etxegarai ikastolan eta Iraurgi ikastetxean, berriz, "ahalik eta normalen" ari dira eskolak ematen.

Hona hemen, hainbat herritarren, udalaren eta Uztarriaren argazkiak. Eskerrik asko, Ekain Artola, Leire Larrañaga, Anne Unanue, Eneritz Etxenagusia, Txetxu Urbieta, Iñaki Odriozola, Monika Palmero, Pili Romero, Alberto Beloki, Maialen Lopetegi, Mirari Aizpitarte, Meryem Khihel, Begoña Elias eta Sara Madrazo irudiak bidaltzeagatik!