Karin Natalia Kupchik: "Faltan sumatzen dudan guztia neuk ekarri dut hona"

Uztarria.eus 2018ko ots. 27a, 17:15
Karin Natalia Kupchik, Amaia tabernan. (Ihintza Elustondo)

15-16 urte daramatza Azpeitian bizitzen Buenos Aireseko argentinarrak. Sorterriak markatu dion izaerari uko egin gabe, bere lekua egin du hemen. "Zoriontsu" da. Elkarrizketa hau egin zion Ihintza Elustondo kazetariak otsaileko Uztarria aldizkariaren Hementxe bertan atalerako.

Zergatik utzi zenuen Argentina?

13 urte nituela hil zen aita, eta 21ekin galdu nuen ama. Alaba bakarra naiz, eta aitona-amonarik ere ez dut. Ni naiz familian bizirik dirauen bakarra. Euroa sartu zenean, Argentinan egoera konplikatu egin zen, eta alde egitea erabaki nuen. 25-26 urte izango nituen orduan. Sevillan [Espainia] eman nituen bost urte, eta gero Azpeitira etorri nintzen.

Gustatzen al zaizu Azpeitia?

Bai, bere xarma du. Bi aukera daude: zu egokitzen zara herrira edo herria moldatzen da zugana. Nire kasuan, herria egokitu da nigana; aitortzen dut errebelde samarra naizela.

Hirian bizitzeak askatasun gehiago ematen du?

Bai, faltan sumatzen dut hiriko kaosa. Uste dut horregatik sartzen dudala muturra hainbeste gauzatan. Bakoitza den lekukoa da, eta nabaritu egiten da hori.

Euskaldunok izaera itxi samarra omen dugu...

Oso ezberdinak gara argentinarrak eta euskaldunak. Han pasio handia jartzen diegu gauzei, eta, hemen, hori falta zaizue. Komunikatzeko modua ere ezberdina da: han bat-batekotasun handia dugu, eta, hemen, arazoa da ez duzuela hitz egiten. Baina zoriontsu naiz, bestela ez nintzateke hemen biziko.

Asko kostatu al zitzaizun hona egokitzea?

Hemen bizitzea ez zait erraza egin, baina denborarekin, nire lekua egin dut. Ezin duzu denekin ondo moldatu, baina nire buruarekin konforme nago, beti naizen bezalakoa izan naizelako. Ni lehengo bera naiz, faltan sumatzen dudan guztia neuk ekarri dut hona.

Inoiz itzuli al zara Argentinara?

Hona etorri eta sei hilabetera itzuli nintzen, paper kontuengatik, baina gehiago ez naiz joan. Han ez zait ezer galdu. Ez daukat senitartekorik zain, eta hori gogorra da. Momentu txarretan beste aldeko telefonoak aurrera egiten laguntzen du, eta nik hori ez daukat.

Hemen dago zure etxea?

Bai. Bakoitza den lekukoa izanda ere, nahi duen lekuan egiten du etxea. Familia txiki bat dut hemen. Ez daukazu inorekin odola partekatu beharrik familia osatzeko.