Eneko Araiztegi: "Sorpresa izan zen niretzat Errezilgo bertso saioan aurrena egitea"

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 27a, 13:41
Eneko Araiztegik irabazi zuen bigarren kanporaketa. (Nekane Zinkunegi)

Eniarraitz Bertso Txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zuten igandean Errezilen, eta Segurako bertsolaria nagusitu zen. Zestoan egingo dute azken saioa, igandean.

Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta, IX. Erniarraitz Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatu zuten igandean Errezilgo Borondegin. Saio horretan, Eneko Araiztegi 21 urteko gazte segurarra (Gipuzkoa) nagusitu zen, 229,5 puntu eskuratuta, eta, beraz, zuzenean sailkatu zen martxoaren 16an Azpeitian jokatuko den finalera. Saioa irabazita, "pozik" dagoela azaldu du bertsolariak: "Aspaldian ibili gabe nengoen bertsotan, eta konfiantza handirik gabe joan nintzen saiora. Egia esan, bertsokideak zein ziren ikusita ez nuen espero aurrena egitea; sorpresa izan zen niretzat", esan du.

Guztira, sei bertsolari aritu ziren kantuan igandeko saioan, eta honela gelditu ziren sailkapenean: Eneko Araiztegi (229,5 puntu), Jon Gurrutxaga (225,5 puntu), Maider Arregi (225 puntu), Eli Pagola (215, 5 puntu), Eñaut Martikorena (213,5 puntu) eta Malen Amenabar (212,5 puntu). Gurrutxaga azpeitiarra izan zen saio horretan abestu zuen eskualdeko bertsolari bakarra.

Araiztegiren arabera, denetariko gaiak izan ziren saioan, eta aniztasun hori "ona" iruditu zitzaion. "Saioaren hasieran ez nekien nola moldatuko nintzen, baina ondo hasi nintzen, eta horrek laguntzen du. Gustura aritu nintzen kantuan". Bertsolariak uste du puntu-erantzunetan asmatu zuela, eta bakarkakoan ere nahikoa ondo aritu zelakoan dago. "Ni bosgarrena izan nintzen abesten, eta ez nituen besteen bertsoak entzun. Baina, esan zidatenez, besteen bide ezberdina hartu nuen, eta uste dut horrek lagunduko zidala". Honako gai hau jarri zieten bakarkako lanetarako: "Ikasketa batzuk egiten ari zara, eta denek esaten dizute bide horretatik ez dagoela etorkizunik".

Guztira, hemezortzi bertsolari ari dira parte hartzen txapelketan. Lehen kanporaketa Azkoitian jokatu zuten otsailaren 18an, eta saio hartan, Aratz Igarzabal izan zen irabazlea. Beraz, oraingoz, bi finalista daude erabakita. Errezilgo kanporaketa jokatuta, beste bat falta da oraindik jokatzeko; martxoaren 4an egingo dute, Zestoako Kultur Etxean. Hiru kanporaketen irabazleak eta puntu gehien lortzen dituzten beste hiru bertsolariak sailkatuko dira finalera.

Finala irabazteko gakoa zein den ez badaki ere, kantuan "lasai hasteak" lagunduko diola azaldu du Araiztegik. Haren arabera, bertsolari gazteentzat "inguruotako plaza garrantzitsuenetako bat" da Erniarraitz sariketa.