Martxoaren 12a bitartean eman daiteke izena baratze programaren bigarren edizioan

Uztarria.eus 2018ko ots. 27a, 12:29
Olatz eremuko baratze parkea.

Udalak eta Kutxa Ekoguneak 2014an jarri zuten martxan Baratze Programa. Herritarrei Otzaka eta Olatz eremuetako hainbat lur sail banatu zizkieten lau urterako, eta maiatzean bukatuko da baratze horiek ustiatzeko epea. Berriz zabalduko dute izen-emate epea, baina egun lur saila dutenak eta lehendik itxaron zerrendan daudenak automatikoki sartuko ditu Udalak zerrendan.

Azpeitiko Udalak eta Kutxa Ekoguneak 2014an martxan jarri zuten Baratze Programaren lehen edizioa bukaerara iristear da. 2014an Otzaka eta Olatz eremuetako parkeetan baratzea tokatu zitzaienek 2018ko maiatzera arte izango dute lur sail hori ustiatzeko aukera, eta erabilera araudiak dioen gisan, maiatza iristean berriz esleituko dituzte baratzeak.

Horrenbestez, 2018 eta 2022 urteen artean baratzea izan nahi dutenek izena eman dezakete martxoaren 12a bitartean, udaletxean. Izena emateko inprimakiarekin batera, NANaren fotokopia aurkeztu beharko dute eskaera egiten dutenek. Gainera, eskaera egiten duena langabetua, erretiratua edo pentsioduna bada, hori horrela dela frogatzen duen ziurtagiriaren fotokopia ere eraman beharko dute. Baratzea eskuratzeko, gutxienez hiru urtez Azpeitian erroldatuta egon beharko dute herritarrek, eta lehentasuna izango dute erretiratuek, langabetuek eta gazteek.

Udalak azaldu duenez, gaur egun baratzea dutenei galdetegi bat egin diete, eta gehienek gaur egun duten lur sailarekin segitzeko nahia agertu dute. Baratzea izaten segitu nahi dutenek eta lehendik itxaron zerrendan daudenek ez dute dokumentazioa aurkeztu beharrik, Udalak automatikoki sartuko baititu zerrendan.