Jonathan Terron nagusi, Espainiako IX. Jiu-jitsu Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko ots. 26a, 12:11
Jonathan Terron (erdian), Espainiako txapelketaren sari banaketan. (Jonathan Terron)

Joan den zapatuan jokatu zuen txapelketa Azpeitiko bizilagunak, eta berriro jantzi du Espainiako txapeldunaren domina. Aitor Arrietak eta Aimar Zubizarretak ondo baino hobeto egin zituzten beren lanak, baina ezin izan zuten podiumean nabarmendu. Terronek Samboko Espainiako Txapelketa jokatuko du martxoaren 10ean.

Berriro erakutsi du jiu-jitsuan duen gaitasuna Jonathan Terron azpeitiko bizilagunak. Jiu jitsuko Espainiako txapeldunaren titulua eskuratuta itzuli da Guadalajaratik (Gaztela-Mantxa, Espainia). 

Joan den zapatuan, otsailaren 26an, jokatu zen Espainiako IX. Jiu-jitsu Txapelketa Guadalajaran, eta han izan ziren Azpeitiko hiru lagun, Aitor Arrieta, Aimar Zubizarreta eta egungo txapelduna den Jonathan Terron. Haiekin batera parte hartu zuten sarietan Asier Nuñez eta Aritz Zubeldia azkoitiarrek. 

Zubizarreta pisu ertaineko helduen mailan lehiatu zen. Arrieta, aldiz, pisu ertain-astuneko helduen mailan. Biek hala biek ondo osatu zituzten beren lanak, baina esperientzia handiko jiu-jitsulariekin lehiatu ziren, eta ezin izan zuten podiumean nabarmendu. Terronek Master 2 mailako pisu astun-ertaineko helduen kategorian neurtu zituen  indarrak, eta aise nabarmendu zen. 

Egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin "oso gustura" agertu da Terron. Gainera, bere ikasleek egindako lana azpimarratu du. Arrietak hiru hilabete daramatza jiu-jitsua praktikatzen, eta hiru urteko esperientzia duen kirolaria izan zuen aurrez aurre. "Hori kontuan hartuta, lan bikaina egin zuen Aitorrek". Terronen hitzetan, Aimar Zubizarretak ere "oso ondo borrokatu zuen, baina amaieran ezin izan zuen irabazi". 

Asier Nuñez azkoitiarrak hirugarren postua eskuratu zuen gazteen mailan. Aritz Zubeldia ez zen sailkapeneko aurreneko postuetan sartu, aurreneko bi borrokak irabaztea lortu bazuen ere. Guztira, 37 parte-hartzailek hartu zuten parte Zubeldiaren mailan, eta hori "kontuan hartzekoa" dela esan du Terronek.

Ostiraletik igandera arte egon dira Guadalajaran, Nuñezek atzo jokatu zuelako bere neurketa. Espainiako txapeldunak azaldu du txapelketari eta egonaldiari lotutako gastu ekonomiko guztiak beraiek ordaindu behar izan dituztela. Hala, bere ikasleen esfortzua eta prestutasuna nabarmendu ditu. 

Terron jiu-jitsuko Europako txapelduna da iazko urriaz geroztik. Jiu-jitsua Japonian sortutako kirola da, defentsa pertsonalerako erabili izan dena. Azpeitian gero eta gazte gehiago dira kirol horren inguruan interesa agertu dutenak. Arrietak eta Zubizarretak Terronek Landetan duen UFK gimnasioan entrenatzen dute jiu-jitsua, Europako txapeldunaren gidaritzapean. Haiekin batera aritzen dira Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait lagun. 

Jiu-jitsuaz gain, beste kirol bat ere praktikatzen du Terronek: Samboa. Borroka arte modernoa da hori. Datorren martxoaren 10an Espainiako Sambo Txapelketa jokatuko du Azpeitiko bizilagunak.

Terronek txapelketan jokatutako borroketako bat, hemen: