Malen Astigarraga: "Joko aldetik hobeak gara, baina gehiago kostatzen zaigu golak sartzea"

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 23a, 20:35
Malen Astigarraga Lagun Onakeko bigarren kapitaina (ezkerrean) eta Ania Subinas Anaitasunako kapitaina, Garmendipe futbol zelaian. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeek derbia jokatuko dute igandean Garmendipen, 18:00etan hasita. Senior mailan 2012an jokatu zuten bi taldeek azkenekoz elkarren kontra. Lagun Onakeko jokalaria eta bigarren kapitaina da Malen Astigarraga (Azpeitia, 1998).

Lagun Onak futbol klubak denboraldi honetan berreskuratu du senior nesken taldea. Igoera fasea jokatzea nahi zuten taldekideek, eta lortu dute lehen helburua. Une honetan, fase horretako sailkapenaren zazpigarren postuan dira. Talde horretako jokalaria eta bigarren kapitaina da Malen Astigarraga (Azpeitia, 1998), eta sasoi honetan sailkapenean ahalik eta goren bukatzea da haren helburua.

Senior mailako derbia jokatuko duzue aurten berriro. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Anaitasunaren kontra jokatu izan dut beste mailetan, baina haien kontra senior mailan jokatuko dudan lehen aldia da. Orain bi klubek maila horretako taldea  dute, eta pozgarria da hori, motibazio berezia ematen du. Emakumeen futbola indarra hartzen ari da inguruotan pixkanaka.

Sailkapenean lider da Anaitasuna. Gogorra izango al da igandeko partida?

Gure helburua da aste honetan, behintzat, irabaztea. Azken asteetan beherakada izan dugu, puntu askok egin digute ihes, baina ea Anaitasunaren aurkako partidan suspertzen garen.

Ez da edozein partida igandekoa, ezta?

Ez. Beti edukitzen da motibazio berezia Anaitasunaren kontra jokatzeko. Ezagutzen dugu elkar eta lagunak gara gutako asko, baina badago saltsa hori, parranda batean joan eta esateko: “Irabazi egin genizuen”.

Derbiaren atarian, tentsio berezia sumatzen al duzu taldean?

Gure taldea azken urteetan ez da asko aldatu; joan dira batzuk, etorri dira beste batzuk, baina beste kuadrilla bat bezala osatuta daukagu. Taldekideok konfiantza handia dugu elkarren artean, eta partida honi buruz ere hitz egin dugu. Askotan komentatzen dugu: “Anaitasunaren kontra irabazi egin behar da”. Elkar motibatzeko ondo etortzen da hori.

Zer da garrantzitsuagoa, puntuak batzea ala Anaitasunari irabaztea?

Anaitasunari irabaztea. Harrotasunak asko esan nahi du partida honetan, nahiz eta puntuak ere garrantzitsuak diren.

Zein da zuen indargunea, eta zein ahulgunea?

Uste dut gure taldea joko aldetik ondo dabilela; Anaitasunaren kontra jokatu izan dugunetan, joko aldetik beti izan gara hobeak, baina eraginkortasunean beraiek irabazten digute. Guri gehiago kostatzen zaigu golak sartzea; agian, hamar aukeratatik bat sartzen dugu, eta beraiek hirutik bi. Esango nuke hori dela momentu honetako egoeraren laburpena. Ezer handirik egin gabe, baina golak sartzen ditu Anaitasunak. Azkenean, horrek ekartzen ditu puntuak, eta guri horixe falta zaigu.

Zer emaitzarekin amaituko da norgehiagoka?

Esperantza dut iganderako. Ez dakit zergatik, baina sentipen onak ditut partidaren atarian. Betidanik ondo joan zaizkigu Anaitasunaren aurkako derbiak, partida onak egin ditugu orain arte. Uste dut beraiek gol bat-edo sartuko digutela, baina guk irabaziko dugu partida: 2-1 edo 3-1. Ea herritarrak animatzen diren partida ikustera.

Zaila ikusten duzu sailkapenean Anaitasuna harrapatzea?

Beraiek horrela jarraitzen badute, bai. Baina futbolean ez dago jakiterik. Agian, guri gertatu zaigun bezala, beraiei ere bolada txar bat etorriko zaie, eta behera eginez gero eta gu hobetzen hasten bagara…

Ania Subinas Anaitasunako kapitainari egindako elkarrizketa, Urola Kostako Hitzaren webgunean