Fernando Alberdik brontzezko domina eskuratu du Espainiako izozkigileen txapelketan

Uztarria.eus 2018ko ots. 23a, 17:06

Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena izozkigileen txapelketan hirugarren sailkatu da azpeitiarra, eta "oso-oso gustura" dago. "Maila oso altua zegoen, eta oso pozik nago epaileek hartutako erabakiarekin", azaldu du.

Fernando Alberdik (Azpeitia, 1976) hirugarren postua eskuratu du Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena izozkigileen txapelketan. Atzo jokatu zuen final handia Madrilen, Espainia osoko beste 11 izozkigilerekin batera, eta "oso-oso gustura" dago lortutakoarekin. "Maila oso altua zegoen, eta oso pozik nago epaileek hartutako erabakiarekin, oso justua iruditu zait", azaldu du. Bera izan da finalera iritsi den euskal herritar bakarra.

Urtarrilaren 30ean Ourensen (Galizia) jokatu zuen Alberdik txapelketako kanporaketa, eta lehen postua eskuratu zuen han. Hala, zuzenean igaro zen final handira. Txapelketan, epaimahaiak zehazten du zein zaporetako izozkia egin behar duten lehiakideek, eta, aurtengoan, Sacher tarta aukeratu dute. Horrez gain, nahi duten zaporeko beste izozki bat egiteko aukera ematen diete lehiakideei, eta ohiko mango zaporea Ezpeletako piperrarekin nahastu zuen Alberdik Ourenseko kanporaketan. Finalean ere zapore bereko izozkiak aurkeztu ditu, "aldaketa txiki batzuk" eginda.

Atzoko finalean "urduri" egon zela dio Alberdik, eta pixka bat gogorra egin zitzaiola. Dena den, lehia "ondo" joan zela adierazi du. "Ni gustura nago, prestatuta eraman nuena atera zitzaidalako. Pixka bat hobeto irtetea bazegoen, baina nahi nuena lortu nuen, eta horrekin pozik nago".

Egun, Aizarnazabalen bizi da Alberdi, baina Getarian lan egiten du: han du Dona Doni izozki denda.