Jon Gurrutxagak kantatuko du Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioan

Uztarria.eus 2018ko ots. 23a, 12:10
Jon Gurrutxaga bertso saio batean.

Igandeko kanporaketa Erniarraitz Txapelketako bigarrena izango da, eta Errezilgo Borondegi jatetxean jokatuko dute, 17:00etan hasita. Jon Gurrutxaga azpeitiar bertsolariarekin batera ariko dira kantuan Eli Pagola, Malen Amenabar, Maider Arregi, Eñaut Martikorena eta Eneko Araztegi. Gai-jartzaile lanak Jokin Urangak egingo ditu.

Igandean, otsailaren 25ean, Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioko bigarren kanporaketa izango da Errezilgo Borondegi jatetxean. 17:00etan hasita, Jon Gurrutxaga azpeitiar bertsolariarekin batera ariko dira kantuan Eli Pagola, Malen Amenabar, Maider Arregi, Eñaut Martikorena eta Eneko Araztegi. Gai-jartzaile lanak Jokin Urangak egingo ditu.

Lehen kanporaketa aurreko igandean jokatu zuten Azkoitiko Kultur Etxean, eta Aratz Igartzabal nagusitu zen. Hark finalerako txartela eskuratu zuen saioa irabazteagatik. Bigarren eta hirugarren kanporaketen irabazleak ere finalera pasatuko dira, eta gainerako hiru finalistak puntuen arabera sailkatuko dira.

Hirugarren eta azken kanporaketa martxoaren 4an, igandea, 17:00etan hasita egingo dute Zestoako Kultur Etxean. Saio horretan ere sei bertsolari ariko dira kantuan: Jon Ander Iriondo, Aitor Salegi, Aitor Bizkarra, Peru Abarrategi, Haritz Mujika eta Xabi Igoa. Aizpea Aristi arduratuko da bertsolariei gaiak jartzeaz.

Finala martxoaren 16an, ostiralez, jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasita, hiru kanporaketetatik sailkatzen diren sei bertsolari ariko dira nor baino nor txapelaren bila.

Bi urtez behin jokatzen dute Erniarraitz bertso sariketa, eta hainbat bertsolari gaztek parte hartzen du edizioz edizio.