Asteazkenean hasiko da Amaia tabernak antolatutako mus txapelketa

Uztarria.eus 2018ko ots. 23a, 11:15

Izen-ematea 40 euro ordaindu beharko da bikoteko. Parte-hartzaileek asteazkenetan jokatuko dituzte partidak, 21:00etan hasita. Behin izen-ematea itxita, txapelketari dagokion egutegia tabernan bertan jarriko dute ikusgai astez aste. Sariketa irabazten duen bikoteak 700 euro, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu. 

Hirugarren urtez jarraian, mus txapelketa antolatu du Amaia tabernak. Asteazkenean, otsailaren 28an, hasiko da sariketa, eta hainbat astez luzatuko da, parte-hartzaile kopuruaren arabera. Txapelketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, eta asteazkenean itxiko dute. Inskripzioa 40 euro ordaindu beharko da bikoteko. 

Ohi bezala, asteazkenetan jokatuko dituzte partidak, 21:00etan hasita. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gehienez 15 minutu itxarongo dute parte-hartzaileak agertu arte, eta denbora hori igarota agertzen ez badira, jokaldia galdutzat emango zaie. Partidak zehazteko zozketa Amaian egingo dute, izen-ematea itxitakoan. Astez aste tabernan bertan jarriko dute ikusgai txapelketari dagokion egutegia. 

Lau sari banatuko dituzte orotara. Bikote irabazleak 700 euro, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarren sailkatuak 500 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Hirugarren sailkatzen den bikoteak, aldiz, 200 euro eta garaikurra. Laugarren sailkatzen den bikoteak 100 euro eta garaikurra eskuratuko ditu.