Gutun bilketa egiten ari dira Espainiako Gobernuaren pentsio politika salatzeko

Uztarria.eus 2018ko ots. 22a, 13:28

Azpeitiko Jubilatuen Plataformak deituta, pentsio duinak aldarrikatzeko eta Espainiako Gobernuaren pentsio politikak salatzek gutun bilketa egiten ari dira gaur, osteguna, plazan. Pentsioen igoeraren berri emanez etxean jaso dituzten gutunak biltzea da jubilatuen plataformako kideen xedea, ondoren protesta gisan Espainiako Gobernuari bueltatzeko. Gutun bilketa astebetez egingo dute, eta horretarako Baigera I-n eta Baigera II-n kutxa bana utziko dute gutunak jasotzeko. 

Aste honetan jubilizatuak mobilizatu diren bigarren aldia da gaurkoa. Izan ere, gutun bilketaren aurretik elkarretaratze jendetsua egin zuten joan den asteartean, hilak 20, %0,25eko igoerari ez, KPIari bai lelopean.

Espainiako Gobernuak aurtengorako onartu duen pentsioen "igoera lotsagarria" salatzea baino haratago doa pentsiodunen kexa. Espainiako Gobernutik krisi ekonomikoa amaitzen ari dela badiote ere, "jubilatuei murrizketak egiten jarraitzen" dutela salatu zuten astearteko kontzentrazioan. "Pentsieon krisia ez dugu guk sortu, pentsioen diru-kutxari beste erabilera batzuk eman dizkion gobernuak baizik", nabarmendu zuten asteartean egindako elkarretaratzean.