Aretoa jendez lepo eta barre ugari, Azpeitiko Rakugo Taldearen emanaldian

Uztarria.eus 2018ko ots. 22a, 11:42

Beste urte batez, rakugo japoniarra ezagutzeko aukera izan zen atzo, asteazkena, Azpeitiko Udal Liburutegian, Hiromi Yoshidaren eta Azpeitiko Rakugo Taldearen eskutik. Japoniako kulturan oinarritutako ipuin-kontaketa tradiozanala da rakugoa, eta atzokoan euskaraz entzuteko parada izan zen. Aretoa jendez goraino zegoen emanaldia hasterako. 

(Argazkiak: Alaitz Olaizola).

Hiromi Yoshida hizkuntzalariak eta ikertzaileak gidatu zuen saioa. Hasteko, rakugoaren inguruko xehetasun batzuk azaldu zizkien bertaratu ziren herritarrei. Besteak beste, rakugoak zer diren, nondik datozen edota zein garaitakoak diren azaldu zuen Yoshidak. Ondoren ekin zioten rakugo kontaketari. Hiru rakugo kontatu zituzten orotara, eta Azpeitiko Rakugo Taldeko Axen Escalada, Arantzazu Maiz eta Maider Ibargurene azpeitiarrak izan ziren rakugolariak. Bakoitzak ipuin bana kontatu zuen, japoniar tradizioan errotutako kimonoa, abanikoa eta zapia soinean zutela. Ipuin kontaketan zehar hainbat erabilpen eman zizkioten abanikoari.

Atzo Udal Liburutegira bertaratu zirenek barre ugari egin zituzten japoniar kulturan oinarritutako ipuinak entzuten, eta giro ederrean gozatu zuten emanaldiaz.

Japoniar literaturaz solasaldia, gaur

Rakugo kontakizunaz gain, beste hitzordu bat du Hiromi Yoshidak Azpeitian. Iza ere, gaur Nagusia kanpoan bizi da liburuaren aurkezpena egingo du Gaztetxean, 18:00etan hasita. Yoshidak Katakrak argitaletxearekin kaleratu duen azken liburuaren hitzaurrea Iñigo Aranbarri azkoitiarrak idatzi du, eta hura ere Gaztetxean izango da solasean. 

Nagusia kanpoan bizi da lana Takiji Kobayashiren nobela bat da jatorriz. Kobayashi literatura proletarioaren idazle japoniarra izan zen. Zenbait lanen bidez, jende xehearen eta langile mugimenduaren ahalduntzea irudikatu zuen. Hala, liburua hizpide izateaz gain, japoniar langile-nekazal literaturaren inguruan ere hitz egingo dute gaurko saioan. Interesa duen edonor hurbil daiteke Gaztetxera.