Pupuk eta Lorek 'Euri tanta banintz' ikuskizuna eskainiko dute zapatuan Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2018ko ots. 21a, 21:16

Katxiporreta faktoriaren lan berria da Pupu eta Loreren Euri tanta banintz ikuskizuna. Abenduan estreinatu zuten, eta zapatuan iritsiko da Azpeitira. Emanaldia 17:00etan hasiko da. Ekain Ibarguren pailazo eta aktore azpeitiarrak hezurmamitzen du Lore. 

Iaz Soreasu antzokia jendez lepo bete ostean, zapatuan, otsailaren 24an, berriro itzuliko dira Azpeitira Pupu eta Lore pailazo txikiak. Oraingoan Euri tanta banintz ikuskizun berria eskaintzera datoz Soreasura. 

Pupu eta Lore baserriko ganbarara igo dira jolastera. Kantu, irri, jolas eta solas ariko dira pailazo txikiak ia ordubete iraungo duen saioan. Ikuskizunaren oinarri izango dira Xabier Zabalak musikatutako Joxan Ormazabalen olerkiak. Jaiotzear den haurrari eta haur jaioberriari abestuko diote Pupuk eta Lorek emanaldian zehar. Titia ere kantuz emango diote, puzkerrari doinua jarriko diete eta abestuko diote astoari, urtaroei, euri tantari… Hori ez ezik, maite zaitut ere kantuz esango diote elkarri.

Ikuskizuna 17:00etan hasiko da Soreasu antzokian. Sarrerak salgai daude Sanagustin kulturgunean eta kulturaz.eus webgunean. 

Ekain Ibarguren pailazo eta aktore azpeitiarrak Loreren rola jokatuko du beste behin. Ibarguren iaz igo zen aurrenekoz oholtzara Loreren parerean, Pupu eta Lore haizearen herrira ikuskizunarekin. Apirilean eskaini zuten herrian, eta jendez goraino bete zen Soreasu. Ikuskizun hartan Imanol Urbietaren kantuak ziren oinarri. 

Hona hemen Euri tanta banintz ikuskizunaren aurrerapen bideoa: