Oskia Karrera: "Argazkiekin erakutsi nahi dut eskuek eta keinuek zer nolako adierazkortasuna duten"

Uztarria.eus 2018ko ots. 21a, 20:09

Atzo iritsi zen Sanagustin kulturgunera Oskia Karrera (Tolosa, 1969) argazkilariaren Eskuekin esaten dizut erakusketa. Eguneroko bizitzan eta aurrez aurreko komunikazioan ohikoak diren keinuen garrantzia erakutsi nahi du Karrerak Azpeitira ekarri berri duen irudi eta testu bildumarekin. Tolosarra Sanagustinen izango da ostiralean 19:00etan, bere lanaren inguruko xehetasunak azaltzen. Erakusketa martxoaren 4ra arte egongo da zabalik.

Eskuekin esaten dizut du izena Sanagustin kulturgunean jarri berri duzun erakusketak. Eta zuk,  zer esan nahi duzu erakusketarekin

Erakusketarekin erakutsi nahi dut eskuek eta keinuek zer nolako adierazkortasuna duten eta zenbat gauza esaten dituzten aurrez aurreko komunikazioan.

Zerk bultzatu zintuen proiektua sortzera?

Urte asko daramatzat argazkilaritzaren munduan murgilduta, eta beti jarri izan dut arreta pertsonen eskuetan; oso interesgarriak iruditzen zaizkit, asko komunikatzen dutelako. Nire seme-alabekin eta argazki estudioan izan diren umeekin bizitako esperientziei esker konturatu naiz haurrek zenbat gauza esaten dituzten hitz egiten ikasi aurretik. Keinuen bidez gauza asko esan daitekeela jabetu naiz, eta horrek animatu ninduen argazki bilduma sortzera. 

Zer ageri da argazkietan?

Egunerokotasunean ohikoak diren egoerak ikus daitezke irudietan, eta gutako edonor ager zitekeen horietan. Argazki guztietan pertsonen keinuen adierazkortasun gorena harrapatzen saiatu naiz, zenbat esan dezaketen erakusteko. 

Erakusketara bertaratzen direnek irudiekin ez ezik, testu laburrekin egingo dute topo. Zer kontatzen dute testu horiek?

Argazki bakoitzari testu bat jarri diot. Hitz horien bitartez irudi jakin horretan eskuek zer esan nahi duten azaldu dut. Hori ez ezik, argazkia ateratzeko unean esango genukeena jarri nahi izan dut. 'Esku' errotik sortutako hitz asko ditu euskarak, eta horiekin ere jolastu dut.

Ikusgai jarri dituzun argazki guztiak zuri-beltzean eginak dira. Zergatik?

Zuri-beltzeko argazkietan gehiago antzematen da keinuaren indarra. Koloreek informazioa gehitzen diote argazkiari, eta ikuslearen arreta desbideratzen dute. Gainera, koloreek sentimenduak isla ditzakete. Zuri-beltzeko irudietan, aldiz, pertsonen keinuak dira nagusitzen direnak. 

Adin eta profil ezberdinetako pertsonak ageri dira Sanagustineko hormetatik zintzilik dauden argazkietan. Zer irudikatu nahi izan duzu horrekin?

Gure gizartea islatzea zen helburua. Horretarako, gizarteko ordezkari diren zenbait norbanakoren argazkiak egin ditut. Irudietan bi emakume ezkonberri, apaiz bat, haurrak, adineko pertsonak, dantzariak, sukaldariak edota musikariak ikus daitezke, besteak beste. Denetariko pertsonen profilak jaso ditut 95 inguru argazkitan. Hori bai, baliteke Sanagustin kulturguneko erakusketak gizartea bere osotasunean ez islatzea, 30 irudi soilik daudelako ikusgai.  

Non ikus daiteke Eskuekin esaten dizut proiektua osorik?

Erakusketa prestatzeaz gain, izen bereko liburu bat kaleratu dut, testu eta argazki guztiekin. Sanagustin kulturgunean salgai dago 15 eurotan, eta eskuragarri izango da tabernako barran erakusketak irauten duen artean.

Zer esango zenioke azpeitiarrei zure lana ezagutzera hurbil daitezen? 

Askotan ez garela ohartzen zuzeneko komunikazioaren aberastasunaz, keinuek duten indarraz. Hitzik esan gabe asko adierazten dugu. Era berean, energia berezia eta indarra trasmititzeko erabiltzen ditugu keinuak. Erakusketara hurbiltzen direnek keinuek duten indarra eta adierazkortasuna ikusiko dute argazkietan, eta horretara animatu nahi ditut.