Sanjuanak antolatzen hasteko herritarren proposamenak jaso nahi ditu Urrestillako Festa Batzordeak

Uztarria.eus 2018ko ots. 20a, 18:42

Ekaina eta San Juan festak urrun ikusi arren, Urrestillako Festa Batzordeko lagun taldetxo bat hasi da jada buruari bueltak ematen, festetan nahi denaren eta nahi ez denaren inguruan eztabaidatzen.

Herritarren proposamenak behar-beharrezkoak iruditzen zaizkie festa batzordeko kideei, baita proposamenak denen artean eztabaidatzea eta horiei forma ematea ere. Horregatik, proposamenen bat egin nahi duen norbait balego, bihar, hilak 21, egingo duten batzarrera hurbiltzeko dei egin du Urrestillako Festa Batzordeak. Hitzordua 19:30ean jarri dute, jubilatuen lokalean.