Astelehenean itxiko da Sokamuturra argazki lehiaketara irudiak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2018ko ots. 20a, 17:09
Iaz 2. saritua izan zen argazkia. IƱaki Etxenagusiaren 'Plazarako Sarrera' irudia.

Hilaren 26an amaituko da argazkiak aurkezteko epea. Lanak postaz bidali beharko dira, helbide honetara: Azpeitiko Argazki Elkartea. 326 Posta Kutxa, 20730 Azpeitia. Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin erakusketa zabalduko dute martxoaren 3an, eta egun horretan bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Joan diren karnabaletan argazki kamera gainean ibili dutenek, astelehenera arte aurkez ditzakete ateratako irudiak Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako lehiaketetara. Urtero bi sariketa antolatzen ditu AAEk, Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria eta Iñaki Joaristi Altzarteren omenezko Inauterietako Jai Giroari buruzko lehiaketa. 

Horietan parte hartu nahi duten herritarrek otsailaren 11n, 12an eta 13an ateratako argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketetara. XXXIX. Sokamuturra Argazki Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, urtero legez, zuri-beltzean egindako argazkiak aurkeztu beharko dituzte, egile bakoitzak bost, gehienez. Inauterietako jai giroa islatzen duten argazkien kasuan, aldiz, koloretan aurkeztu beharko dira, eta egile bakoitzak gehienez bi bidali ditzake.

Argazkiak postaz bidali beharko dira, helbide honetara: Azpeitiko Argazki Elkartea. 326 Posta Kutxa, 20730 Azpeitia.

Sari banaketa eta erakusketa

AAEk bost sari banatuko ditu XXXIX. Sokamuturra Argazki Lehiaketan: 365 euro eta garaikurra jasoko ditu lehen sarituak, 235 euro eta garaikurra bigarrenak, 200 euro eta garaikurra hirugarrenak, 120 euro laugarrenak eta 80 euro bosgarrenak. Altzarteren omenezko sari bereziaren irabazleak, berriz, 150 euro eta plaka bat eskuratuko ditu.

Lehiaketetara aurkeztutako irudi guztiekin erakusketa zabalduko du AAEk martxoaren 3an. Egun horretan bertan, erakusketaren irekieran, egingo dute aurtengo lehiaketen sari banaketa.