Asier Agiriano: "Pixka bat pinpirina izan egin behar da"

Uztarria.eus 2018ko ots. 20a, 13:13
Agiriano modelo bat orrazten. (Nelohagen)

Uztarriaren otsaileko aldizkarian, 202. zenbakian, Ihintza Elustondo kazetariak Asier Agiriano (Azpeitia, 1974) ile-apaintzaile eta makillatzailea elkarrizketatu du. Desfile handietako modeloak orrazten eta makillatzen ditu Berlinen bizi den azpeitiarrak. Pasareletan ez ezik, kalean ere irudia zaintzea garrantzitsua dela uste du.

Aktore gisa lehen pausoak ematen hasi bazen ere, batere espero gabe "maitemindu" zen irudiaren munduarekin Asier Agiriano. Egun, Berlinen bizi da, eta bi agentziatan egiten du lan: Madrilgo Coolen eta Berlingo Nina Kleinen. Ile-apainketaz eta makillajeaz arduratzen da, baina ez du ohiko ile-apaindegietan lan egiten: moda desfileetan, katalogoetan eta aldizkarietako moda erreportajeetan aritzen da. Madrilgo Fashion Weeken eta Berlingoan izan da duela gutxi, eta iragarkietarako nahiz bideoklipetarako ere hasi da lanean.

Egun zauden lekura iristeko pixkanaka joan beharko zenuen...

Donostiko TAEn antzerkia ikasi nuen eta lan pixka bat egin nuen aktore eta antzerki irakasle bezala. Zerbait gehiago nahi nuen, ordea, eta Madrilera joan nintzen ikastera. Diru pixka batekin joan nintzen, baina ikusten nuen diru hori gastatzen ari zitzaidala, eta ez nuen nahi tabernan lan egitea. Azpeitian, aurrez, Javier Jauregi ile-apaintzailearekin tarteka lan egin izan nuen; kajan kobratzen, burua garbitzen, kafea zerbitzatzen... Eta pentsatu nuen ile-apaindegiren batean harreran lanean hastea. Deitu nuen ile-apaindegi batera, eta esan zidaten harreran lan egiteko mutilak ez zituztela nahi, baina ile-apaintzaileak behar zituztela, eta ea proba egingo al nuen. Ezagun bat orraztu nuen proba hartan; urduri nengoen eta goitik behera busti nuen, baina, azkenean, ez zen gaizki gelditu. Bertakoak esan zidan hobetzea bazegoela, eta kontratua sinatzera pasa-tzeko. Barrez hasi nintzen. Ez zidaten sinesten norbait orrazten nuen lehen aldia izan zela.

Zer gertatu zen gero?

Esku pixka bat hartu nue ile-apaindegi hartan. Kurtso batzuk egitera bidali ninduten, eta, pixkanaka, jendeari ilea mozten hasi nintzen. Kate horietako batekoa zen lan egiten nuen ile-apaindegia, eta nik zerbait gehiago nahi nuen. Ofizioa maite baduzu, kate horiek ez dira lanerako onenak. Javier Jauregiri gomendio bat eskatu nion, eta Madrilgo ile-apaindegirik onena zein zen esan zidan. Hara joan, eta zera esan nien: "Nik ezer ez dakit, baina hemen lan egitea nahi dut". Grazia egin zien. Justu langile baten baten bila zebiltzan, eta hartu egin ninduten. Iruditzen zitzaidan behin ere ez nuela moztuko ilea haiek bezala, baina Londresera kurtsoak egitera bidali ninduten, eta, pixkanaka, aurrera egin nuen ile-apaindegi hartan.  Aukera bat eman zidaten, eta maitemindu egin nintzen lanbidearekin. Oso zortedun sentitzen naiz.  

Nola egin zenuen salto modaren mundura?

Lagun bat mundu horretan ibiltzen zen, eta Madrilgo Fashion Weekera eramaten gintuen, beraiek lana nola egiten zuten ikustera. Hura ikusi eta esan nuen: "Nik hemen egotea nahi dut".

Ikusten zenuen gauza bakoitza are erakargarriagoa egiten zitzaizun.

Bai. Hor muturra sartzea oso zaila zen, ordea. Horretarako, leku zein une egokian egon eta pertsona egokia ezagutu behar duzu. Behin lagun hark esan zidan pertsona bat behar zuela Women Secreten desfilean lan egiteko, eta ni nahi ninduela horretarako. Joan egin nintzen, bost pertsona orraztu nituen, eta oso ondo irten zitzaidan froga. Handik bi hilabetera, mezu bat bidali zidaten Fashion Weekeko taldean nahi nindutela esanez. Sekulako beldurra sentitu nuen. Astebete lorik ezin eginda pasatu nuen, gaizki. Eta gero ja Cool agentzian sartu nintzen; agentzia horrek kudeatzen du urtero Madrid Fashion Week. Aurten, hamalaugarren aldiz parte hartu dut bertan, eta oso-oso gustura nago.

Kanpotik ematen duen bezain brillantea al da pasarelaren atzeko aldea?

Keba, kaos bat da. Bost egun irauten du Fashion Weekek, baina zortzi desfile izaten ditugu egunean. Ordu eta erdiro desfile bat izaten da, eta 40 minutu bakarrik izaten ditugu pertsona bat edo bi orrazteko. Hala ere, adrenalina ematen dit niri horrek, harrapatu egiten zaitu erritmo horrek. Baina bost egunerako, gehiago ez. Agian, lau kilo argaltzen naiz horrelakoetan; inhumanoa da. Pasarelan ikusgarriena modeloak ikustea dela dirudi, baina desfile baten onena atzean dago: desfile bat bukatzen da, modeloak korrika datoz, ez dago denborarik, beste look bat prestatu behar da, makillatu... Mundu polita da, baina...

Noiz eta zergatik joan zinen Berlinera bizitzera?

Urtarrilean zortzi urte bete dira hara joan nintzela. Veneziako (Italia) Biennalera joan nintzen, eta handik Berlinera, lagun bat bisitatzera. Lehen gauean Matias ezagutu nuen, nire bikotekidea. Eta ile-apaintzaileak mundu osoan behar direnez, hara joatea erabaki nuen. Funtzionatu dit lanak, eta harremanak ere segitzen du [barreak].

Zer proiektu dituzu aurrera begira?

Estudio bat ireki nahi nuen Berlinen, baina ile-apainketako titulazio ofizialik ez nuenez, ez zidaten uzten. Zarauzko Monte Albertian ikasketak egin berri ditut, eta, orain, ja, uzten didate. Ideia polit bat dut, eta lokal bila ari naiz.

Ziur jende pila bat orrazteko aukera izan duzula. Zein, adibidez?

Goya sarietarako Marta Etura orrazten dut beti, nire maitea da. Harez gain, beste ospetsu asko ere orraztu ditut: Nieves Alvarez, Veronica Blume, Isabeli Fontana, Daniela Braga, Blanca Padilla, Jon Kortajarena, Andres Velencoso...

Zein da orrazkera on bat egiteko sekretua?

Esku ona eta gustu pixka bat edukitzea, zure aurrean dagoen horrek zer nahi duen entzutea eta haren onena ateratzea. Niri ez zaizkit egunerokorako asko elaboratutako gauzak gustatzen; nahiago dut zerbait normalagoa, "orraztu gabeko orrazkera" esaten dena. Izan ere, ile-apaindegira joaten zara, sekulako kortea egin eta kolore polita jartzen dizute, baina gero hartzen dugu etxean plantxa, hasten gara ilea kizkurtzen, eta txapuza bat irteten da. Horregatik, gauza arruntagoak gustatzen zaizkit, gutxi landutakoak, baina gustu eta esku pixka batekin egindakoak.

Zer da orain moda-modan dagoena?

Ez dago modan liso tabla hori, kizkur suabeak baizik. Bop klasikoak ere asko eramaten dira. Luzera ezberdinetako melenak ere modan daude, baita korte motz-motzak ere: flekilloarekin, kasko moduko mozketak...  

Zeren arabera aukeratu behar da orrazkera?

Osotasun baten parte da orrazkera. Horregatik, ile-apaintzaileok arreta handia jarri behar dugu. Pertsona bat atetik sartzen denean, nola datorren ikustea gustatzen zait; asko esan nahi du horrek niretzat. Norberaren estiloa, gorpuzkera eta aurpegiaren fisionomia izan behar dira kontuan; horrekin guztiarekin harmonian joan behar du orrazkerak. Nahiz eta gauza batzuk modan egon, ez dira pertsona guztientzat egokiak.

Asko zaintzen al dute azpeitiarrek irudia?

Bai, asko. Ile-apaindegi oso onak daude Azpeitian nahiz Euskal Herrian, eta inguruotan diru asko egon da beti. Gazteek agian ez, baina gure amak edo amamak astero edo astean bitan joaten ziren ile-apaindegira. Kolore perfektuak eta sekulako korteak izaten zituzten, eta, egun, bide bera jarraitzen du jendeak. Dena den, gauza asko zikindu dira: ile-apaindegien kate horiekin ohitura onak galtzen ari gara. Baina ondo orraztuta ibiltzea gustatzen zaion jendeak badaki nora joan ilea moztera.

Zer desberdintasun nabaritu duzu azpeitiarren eta alemanen artean?

Berlin pixka bat alternatiboagoa da. Han jendeak mozketa eta kolore onak eskatzen ditu, eta, gehienek, blogarien mototsa. Orokorrean, askoz ere informalagoak dira Alemanian.

Garrantzitsua al da norberak bere buruari denbora eskaintzea?

Bai, pixka bat pinpirina izan egin behar da. Niri esaten didatenak parean topatutako lehen bi gauzak janzten dituztela... Hori ez! Gustatu egiten zaigu janztea eta  ilea zaintzea. Azkenean, gure parte dira arropa eta ilea, eta erakutsi egin behar ditugu. Eta denoi gustatzen zaigu gure alderik onena erakustea.

Azpeitia ez al duzu faltan sumatzen?

Bai, asko. Hala ere, sarri etortzen naiz, urtean lau bat aldiz edo. Baina familia pila bat sumatzen dut faltan, lagunak ere bai, kosta, jatekoa... dena. Txikiteoa ere bai, han ez baitaukagu halakorik. Han jendeak lana egiten du, eta, bukatzean, etxera edo gimnasiora joaten da. Lagunekin bi astean behin edo elkartzen naiz han, inork ez dugu denborarik...

Gabonetan izan zinen azkenengoz Azpeitian. Zer egiteko  aprobetxatu zenuen?

Ilobekin Donostiara joan nintzen egun batean, familiarekin afariak egin nituen, jan eta edan... Kilo batzuk hartu nituen, baina eskerrak nire lanak kiloak botatzen laguntzen didan!