Hitzaldi zikloa abiatuko du Orkatzek, kultur elkartearen 25. urteurrenaren baitan

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 16:39

Orkatz kultur elkarteak 25 urte beteko ditu aurten. Urtemuga hori aitzaki hartuta, hainbat ekintza antolatu ditu kultur elkarteak urtea hasi zenetik, hala nola joan zen ostiraleko Lady Bananaren eta Candidato Manchuren zuzenekoak. Hurrengo astean, aldiz, hitzaldi ziklo bati ekingo dio Orkatzek.

Iñaki Egaña historialariak eskainiko du zikloko aurreneko hitzaldia 1936ko gerra eta frankismoaren eraginak Euskal Herrian izenburupean. Solasaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita. Interesa duen edonor hurbil daiteke hitzaldira.

Hurrengo asteko hitzaldiaz gain, beste solasaldi batzuk ere eskainiko dituzte, baina oraingoz bi dira lotuta dituztenak. Bigarren solasaldia Ezker Abertzalearen historiaren ingurukoa izango da, eta Floren Aoizek emango du martxoaren 21ean, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Kontzertuez, hitzaldiez eta bestelako ekintzez gain, Orkatzen 25. urteurrena ospatzeko egitarau "potoloa" prestatzen ari direla aurreratu dute.