Zeinetakoa zara zu?

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 19:03

Otsaileko Uztarria herri aldizkaria webgune honetan ere irakur daiteke jada, osorik, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 202. zenbaki horretan, besteak beste, Azpeitiko familia ezizenen bueltan osatutako erreportaje hau dator, Mailo Oiarzabal, Julene Frantzesena eta Ihintza Elustondo kazetariek egindakoa.

Azpeitiarrak xapoak direla aski jakina da. Badira, baina, familia ezizenak dituzten herritarrak ere. Hainbat dira baserriaren edo etxearen izenez deitzen dietenak; edo senideren baten ofiziotik datorren ezizenez ezagutzen direnak; edo senitartekoren baten izena goitizen dutenak. Belaunaldien arteko transmisioa hautsi ez da egin, baina asko galdu dute indarra goitizenek. Ez daude, noski, diren guztiak, baina daudenetako batzuk ekarri ditu Uztarriak honako erreportaje honetara.

Musikomaiorrenekoak

Kontxita Bereziartuaren (Azpeitia, 1922) aita zenaren ofiziotik datorkie ezizena haren hurrengo belaunaldiei. Hain zuzen ere, Hilario Bereziartua (Ataun, 1892) Azpeitiko Musika Bandaren zuzendaria izan zen 1915etik 1940ra bitartean, eta, orduan, musiko maiorra deitzen zitzaion bandaren gidaritza zuen pertsonari.

Bereziartuak oroitzen duenez, herrian ezaguna zen beren aita, eta beraiek ere musikomaiorrenekoak bezala ezagutzen zituzten. "Txikitan jendeak nor ginen galdetzen zigunean 'musikomaiorrenekoak gara', esaten genuen". Aita musikaria, eta amak dantza egiten ez ziela uzten dio Bereziartuak: "Musika entzun orduko dantzan hasten ginen gu, eta aitak hala esaten zion amari: 'Alabek aita dagoen tokian egoteko baimena dute'. Dantza pila ederra egiten genuen. Sasoi hartan kongregazioan nengoen, eta bidali egin ninduten dantza egiteagatik".

Kontxitaren seme-alabei ere hala deitzen diete. Horietako bi dira Justi (Azpeitia, 1950) eta Lurdes Olaizola (Azpeitia, 1959), eta beraiengana ere iritsi zen aitonaren ogibideari lotutako ezizena. "Lehen zuzendariari hala deituko zitzaion, eta... Ohikoa zen ofizioari lotutako ezizenak izatea familiek". Ahizpek esan dutenez, hurrengo belaunaldira ez da iritsi musikomaiorrenekoa goitizena. "Gure seme-alabei ez diete horrela deitzen, ez diet sekula entzun behintzat", dio Justik. Eta Lurdesek esan du beraiei ere gero eta gutxiago deitzen dietela horrela. "Umetan askotan esaten ziguten; orain, bateren batek esan izan digu 'a, zu musikomaiorrenekoa zara', baina hortik aurrera ia inoiz ez. Galtzen joan da, hurrengo belaunaldietara ez da iritsi".

Aitaren aldetik ere badute ezizena Justik eta Lurdesek. "Gure aitari Mantxille deitzen zioten, baina ez dakigu ez nondik datorren eta ez zergatik deitzen zioten horrela".

Iturbidetarrak

Familia handia da, inondik, iturbidetarrena. Imanol Arregi (Azpeitia, 1935) pandero-jotzailea da hamar senideetan zaharrena. Iturbide baserrian bizi da Imanol, Milagros Azkue emaztearekin, baina hain familia jendetsua izaki, egunero izaten dute bataren edo besteren bisita. Familiari ezizena eman dion baserrira lanera joanak ziren elkarrizketaren egunean Joxe Mari Arregi (Azpeitia, 1948) eta haren seme Aitzol Arregi (Azpeitia, 1981). Graziarik ez zaie falta loiolatarrei, eta hizketarako gabeziarik ez dute.

Iturbide deitzen diote Imanoli, baita haren anai-arreba batzuei ere, baina "gainerakoei Iturbidekoak edo iturbidetarrak", Joxe Marik dioenez. "Lehen, askotan, etxea jasotzen zuenak hartzen zuen baserri izena, eta besteak hangoak bezela izendatzen ziren; normalean, Iturbide deitzen digute, baina batzuek Iturbidekoa esan izan didate". Aitzolek esan duenez, jendeak Iturbide deitu izan dio bere izena ez dakielako: "Jendeak badaki iturbidetarrak garela". Belaunaldietan mantendu da etxearen izena daraman goitizena, baina aldaketak ere izan ditu. Izan ere, Imanolen alaba Ainhoak dio Iturbi deitu izan diotela. Ainhoaren alabei ere deitu izan diete modu horretan: "Andereño batek Iturbide deitzen dit".

Imanolek dioenez, "aspaldikoa" da baserria: "400-500 urte izango ditu". Halere, beraien aitona-amonak izan ziren hara joaten aurrenak. "Gure aita eta osaba-izeba gehienak Errekarten –gaur egungo Garate Anaiaren etxea– jaio ziren, ez Iturbiden". Halere, Imanolek dioenez, beraiek izan dira etxearen goitizena hartzen aurrenak. Aitzolek uste du Imanolek zabaldu duela goitizena. Imanolen arabera, berriz, senideetan zaharrena izateak "gauza bat" ekarri dio ona: "Zaharrena izanda neuk jan nuen lehenengo taloa. Gainerakoan, hauek denak aguantatu behar. Denak estudiatzera batera eta bestera, eta ni hemen lanean".

Arregitarrak gaitzizenarekin gera zitezkeen Iturbide baserriko familiako kideak, baina ez da hala izan. Imanolek Arregi sinatu beharrean Iturbide erabiltzen duela azaldu du, eta haren anaia Joxe Marik ere bai zenbaitetan: "Enkargu bat-edo jaso behar badut, izena galdetzean Joxe Mari Iturbide esaten dut".

Xamartiñenekoak

Lehengusuak dira Felisa Garmendia (Azpeitia, 1940), Paco Garmendia (Azpeitia, 1943), Ignacio Garmendia (Azpeitia, 1950) eta Joxe Mari Garmendia (Azpeitia, 1952). Haien aitona eta amona Urrestillako San Martin baserrira ezkondu ziren, eta baserriaren izena oinordetzan hartu zuten zazpi seme-alabek eta bilobek. "Gure aitona-amonak izan ziren Xamartin ezizena jasotzen aurrenak", azaldu dute. Dena den, Joxe Marik adierazi duenez, Xamartin gaitzizena ez zen baserriaren izenagatik zabaldu. "Gure aitak eta osabak lantegi bat zabaldu zuten Aranean, eta denek Xamartinen tailerra deitzen zioten. 60ko hamarkadan denda zabaldu genuen, eta geuk jarri genion hari Xamartin izena".

Felisak gogoratu duenez, hainbat familia bizi izan zen baserrian beraien aitona-amonen aurretik, baina "asentatu zen bakarra" beraiena izan zela dio Joxe Marik. Horregatik, garmendiatarrek diote beraiei soilik deitzen dietela xamartindarrak. Halere, lehengusuek uste dute ezizen hori gehiago erabiltzen dutela herritarrek beraien belaunaldietan. "Gure adineko jendeak xamartindar bezala identifikatzen ditu gure seme-alabak, baina  lagunek ez diete horrela deitzen". Ignaciok, baserrian bizi denez, bere izena esaten lotsatu egiten dela dio barre artean: "Ni baserriarekin lotzen naute, izenik ez daukadala ematen du: Samartingo Paco eta Samartingo Inazio gara anaiok. Gainera, anaia gaztea naizenez, askok 'Samartinen anaia' deitzen didate".

Joxe Marik gogoan du beraien anaia bati gertatu zitzaion anekdota: "San Juan tailugilea zenarenenean zegoen, eta telefonoz deitu zuen norbaitek: 'San Pedro?'. Eta besteak: 'Ez, hemen San Juan'. Eta telefonoaren bestaldekoak: 'Aizu, txantxa gutxi e!'. Eta San Juanek: 'San Juan naiz, eta San Martinekin nago'. Horrelaxe eskegi zuen telefonoa".

Prakaunditarrak

Ugariak dira prakaunditarrak, eta hizketarako jario eta abilezia berezidunak ere bai horietako asko. Ez da erraza zehaztea belaunaldiz belaunaldi gaur arte iritsi den azken dohain horren jatorria, baina bai ezizena aspaldikoa dela eta Urrestillan duela sorburua. Pilar (Azpeitia, 1931) eta Jabier Lazkano (Azpeitia, 1948) anai-arrebak, Manuel Etxeberria (Azpeitia, 1935) eta Arantxa Etxeberria (Azpeitia, 1948) lehengusuak dira eta, antza, lehen Prakaundi haren birbilobak; Manuelen seme Julen Etxeberriaren herenaitona izango zen, beraz.

Gotizenaren arrazoia edo sorrera, berriz, esanahi literalarekin lotzen dute. "Praka oso zabalak erabiltzen omen zituen eta, behin, Sinberguentzako zubitik pasatzen ari zela, baten batek esan omen zion 'horixe ba, praka haundi', eta horrekin geldituko zen. Gure amak horrela kontatzen zigun, behintzat", kontatu du Arantxak.

Birraitona bezala, urrestildarra zen familiaren ezizenaz hitz egiteko elkartu diren lehengusuen aitona ere, Joxe Domingo Etxeberria Prakaundi. Kalekoa berez, baina ezkondu eta Altunako baserrietako batean jarri zen bizitzen, Txatonean, maizter. "Han jaio ziren seme-alaba denak, sei mutil eta bi neska", azaldu du Pilarrek, bere amaren eta senideen belaunaldira igarota. "Baserri hori omen zen Azkoitiko San Juan bainuetxeko nagusiarena. Bidali egin zituzten Altunatik, zortzi umerekin, eta orduan etorri ziren Azpeitira eta erosi zuten Prakaundineko etxea". Badira urte batzuk Madalenako sarreran eta Soreasu auzorako errepidearen kantoian zegoen etxe hura bota zutela. Jatorrian bi solairukoa zela kontatu dute, eta beste bi gehitu zizkiotela prakaunditarrek. Han jaiotakoak dira Pilar eta Arantxa; Manuel, berriz, Urrestillan jaio zen, arbasoak bezala, han bizi izan zirelako zenbait urtez bere gurasoak. Prakaundineko etxean urte batzuetan taberna izan zuten familiakoek, eta lantegi bat ere bazen beheko solairuan.

Prakaunditarrena belaunaldi askoan mantendu den familia ezizena da, baina gehienek bezala, galtzen joateko joera du. Julenek oraindik mantentzen badu ere, beste lehengusuen seme-alaben kasuan ez dirudi hala denik. Bosgarren belaunaldikoez galdetuta, "isil samarrak dira, horixe dute akatsa", bota du Jabierrek.

Dionitarrak

Prakaunditarren oinordeko zuzenak dira dionitarrak. Dioni Etxeberria Prakaundi zen Urrestillako Altunan jaiotako zortzi anai-arrebetan gazteena. Aita zirtolari amorratua eta etorri handikoa zela dio Ramon (Azpeitia, 1958) semeak, "oso txistosoa". Haren izena ezizen bilakatu zitzaien "txikitatik" Elizkaleko 33. zenbakiko lehen solairuan jaiotako sei anai-arrebei; eta hala mantentzen dute, baita ezizena atzera izen bihurtuta ere. "Aitari Dioni esaten zioten, Dioni zuelako izena. Gertatzen dena da, gu guztioi ere Dioni hots egiten digutela, eta inor ez garela Dioni izenez. Baina iloba zaharrena bai, haren izena Dioni da", gogoratu du Jabierrek (Azpeitia, 1965). Ramonek azaldu du aita 1974ko irailaren 18an hil zela, "eta lau egun lehenago jaio zen biloba zaharrena; eta hari Dioni jarri zioten. Aitak ez zuen jakin izan attitte egin zela. Nire anaia zaharrenaren [Joxe Luis] kapritxoa horixe izan zen, semeari Dioni deitzea. Gero, beste anaiak, orain dela gutxi hil denak [Jesus edo Jeisto], esaten zuen anaiak jarri izan ez balio, berak jarriko ziola semeari Dioni izena".

Hona ekarritakoetan ezizenik berriena da dionitarrena: bi belaunaldi besterik ez ditu, Dioni zenaren seme-alabena eta bilobena. "Niri gustatu egiten zait Dioninekoa esatea", dio Jabierrek. "Taberna batean edo denda batean, enkarguren baterako izena eskatzen badidate, 'ipini iezadazu Dioni' esaten diet, Jabier Dioni. Nik, bai, eta harro, gainera. Izan ere, Transportes Dioni kamioian, Carbonería Dioni, Butanos Dioni... Anaiak elektrogailu denda zeukanean, hura ere Dioni... Eduki ditugun negozio eta jarduera guztiak izan dira Dioni".

Bigarren belaunaldikoek ere askok mantentzen dute Dioni ezizena. Bere semeei hala esaten dietela dio, esaterako, Ramonek. Jabierrek, berriz, semeari hainbeste ez zaiola gustatu izan kontatu du. "Hasi zitzaizkion Dioni esaten eta 'atte, ni Iker naiz' esaten zidan. Txikitan ez zion graziarik egiten; orain, ohitu egin da. Norari bai, Norari gustatzen zaio", dio alabaz.

Zuloilenekoak

Maria Luisa Arrutiren (Azpeitia, 1932) aita, Esther Arrutiren (Azpeitia, 1963) eta Miren Arrutiren (Azpeitia, 1990) aitona, alegia, izan zen Elizkaleko Zuloileneko familiako azken zulogilea. Baina lanbide horren tradizioa, familiari ezizena eman diona, bi belaunaldi lehenagotik zetorren, eta Maria Luisaren amaren familiatik, hark alabari kontatutakoaren arabera: "Nire attitteren osaba bat izan omen zen gure familiako lehenengo zulogilea; nik ez nuen ezagutu. Nire attittek segitu zion, eta gero nire aitak". Maria Luisa "seguru-seguru" dago aitak behintzat 50 urte egin zituela lanbide horretan, Beloki koruko tenorrarekin eta Epelde sakristauarekin batera omendu zutelako, "Silvestre Otamendi alkate zela", beren jardueretan mende erdia betetzeagatik. "Amak esaten zuen, gure etxeko hiruren artean ehun urte egin zituztela lan horretan".

Bukatu ziren zulogileak zuloiletarrenean, baina bosgarren belaunaldira iritsi da familia ezizena, Estherrenera eta Mirenenera, besteak beste. Biak bat datoz gazteen artean familia ezizenen erreferentzia galtzen ari dela esatean. "Nire belaunaldikoek badakite zuloiletarra naizela, aurrekoetakoek ere bai. Baina gazteagoek ez dute jakingo. Norbaitek galdetzen badit nongoa naizen, nire adin modukoa edo pixka bat zaharragoa bada, nik esaten dut "Elizkalekoa, zuloiletarra'; edadetuentzat hori da erreferentziarik onena. Gazteagoa bada, 'Elizkalekoa', eta hortxe bukatzen dut", dio Estherrek. "Hori da. Pertsona heldu bati azaldu behar badiot nor naizen, bai aipatzen dut Zuloilenekoa naizela. Baina neure adineko jendearekin, ez; azkenean, abizenagatik ezagutzen naute, zuloiletarrena ez dute ezagutzen", gaineratu du Mirenek.

Zuloile izena xurubile edo zurubile ere bihurtu dute askok. "Guri aitak oso garbi esplikatzen zigun: 'Xurubile-eta esaten zigunabe, baina Zuloilenekoa den'. Xurubilerena izan da nahasten edo degeneratzen joan den ahozko erabilera. Eta zenbaitek halaxe esango du, e, baina nik inoiz ez", azaldu du Estherrek.

Aitzakitarrak

"Zerbait justfikatzeko ematen den arrazoia". Aitzakiaren definizioa bilatzen hasita, antzeko zerbait azaltzen du hiztegiak. Ezin jakin aitzakiak asmatzen artistak zirelako jarri zieten goitizen hori, baina bada aitzakitarren familia Azpeitian.

Angel (Azpeitia, 1941) eta Fatima Arakistain (Azpeitia, 1947) anai-arrebak dira familia horretako zaharrenetakoak. Angelen alaba da Begoña (Azpeitia, 1977) eta haren lehengusua Juan Jose (Azpeitia, 1962). Arakistain abizenari eutsi diote guztiek, baina Aitzaki ezizenaren jabe ere badira.

Goitizenaren nondik norakoak argitzen hasi nahi, baina ezin. "Neuk ere ba al dakit ba nondik datorren", dio Fatimak. "Bustinzuriko Errebaleko soziedade bat zen Aitzaki. Gerra denboran soziedadea desegin egin zen, eta gerra bukatu zenean, gure aita ­Pedro­ Arakistainek eta haren koinatu Juan Olaizolak zabaldu zuten".

Gerra aurreko elkarte haren izena zen Aitzaki, eta berriro zabaldu zutenean, izen bera mantendu zuen. Olaizolak han lan egiteari utzi zion gerora, eta Pedrok jarraitu zuen, zazpi seme-alaben laguntzarekin. Aitzaki ez zen ohiko elkarte gastronomiko bat, dena den. "Janaria norberak ekartzen zuen, eta guk prestatu egiten genuen. Postrea eta bertan egindako sagardoa jartzen genuen guk", gogoratu du Angelek.

Begoñak ezagutu zuen elkarte hura, eta leku zaharra bazen ere, "bere xarma" zuela dio. Jende ezagun asko pasatu zen leku hartatik: obispoak, toreatzaileak, kirolariak... "Orduan Kirurira ez, Aitzakira ekartzen zuten jendea", azaldu du Begoñak. Juan Josek gogoan du jendea nola egoten zen zain ilaran Aitzakira sartzeko.

Arrakasta handia izan bazuen ere, leku hura ixtea erabaki zuten 1993ko irailean. "Zahartu egin ginen, aspertu ere bai, negozioarekin jarraituko zuenik ere ez atzetik, eta...", oroitu dute bi nagusienek. Etapa hura amaitu bazen ere, oroitzapen politak dituzte gordeta guztiek, eta bizitza markatu dien elkarte haren arrastoa itsatsita daramete izenean oraindik ere. "Ni Aitzakineko txikiaren alaba naiz", eta “ni Aitzakineko Javierren semea", diote Begoñak eta Juan Josek.

Kintteldarrak

Aitak lehengusuak dituzte Aitor Larrañagak (Azpeitia, 1962), Javier Etxanizek (Azpeitia, 1959) eta Bixen Etxanizek (Azpeitia, 1938). Azken hori da kintteldarren sagan bizirik den zaharrena; 79 urte ditu. Hiruren birraitona zen Francisco Larrañaga; hari deitu zioten aurrenekoz Kinttela.

Ia 200 urte izango dira Francisco jaio zela, eta laugarren belaunaldikoak dira familiaren inguruan hitz egiteko bildu diren hirurak. Inork ez zuen birraitona ezagutu, baina gurasoek eta aitona-amonek kontatuta jakin dituzte haren nondik norakoak. Bixenek ondo daki nondik datorren ezizena: "Beti adarra jotzen omen zioten gure birraitonari: 'Hi txikia eta potoloa haiz!'. Eta behin esan omen zuen: 'Nik kintal bat pisatzen diat!' [Kintal bat ehun kiloren baliokidea da]. Apustua jokatu zuten, eta bai asmatu ere! Ehun kilo pasatu egin zituen!". Hortik gelditu zitzaion ezizena: Kinttela. "Grazia handikoa omen zen gure birraitona", oroitu du Bixenek.

Tailugilea zen Francisco, eta tailer bat zeukan parrokiaren ondoan. Egun oraindik ere herrian ezagunak diren hainbat kontu egin zituen hark bere garaian: parrokiaren ondoko haitzuloa, hilerriko kapera, agintarientzat gordeta parrokian lehen lerroan dauden bankuak, berak zuzendu zuen Urolako trena...

Jende askok kintteldarrak Etxaniz abizenarekin lotzen baditu ere, izatez Larrañagatik dator ezizena. Franciscoren ondorengoek oinordetzan jaso dute haren goitizena, eta, egun, familia handia osatzen dute kintteldarrek; guztira, 200 bat lagun izango direla kalkulatu dute. Azkoitian ere bada Kintela abizena duen familia bat, baina ez dute zerikusirik Azpeitiko sendiarekin. Azkoitiarrekin gutxi jakin nahi dute kintteldarrek, gainera; "azpeitiar peto-petoak" direla diote ozen. "Sansebastianak eta karnabalak eta... horiek denak sakratuak dira guretzat!", dio Javierrek.

Donostian, Frantzian, Legazpin, Zarautzen nahiz Txilen ere bizi dira kintteldarren ondorengoak. Azpeitian ez ezik, mundu zabalean ere utzi du arrastoa, beraz, familiak. Egun, bosgarren eta seigarren belaunaldiak ere badatoz atzetik, eta, diotenez, "bizi-bizirik" jarraitzen du oraindik ezizenak. "Niri inork ez dit Javier Etxaniz deitzen, ni beti izan naiz Javier Kinttela".

Ezizena ia-ia abizen bihurtua dute, beraz, kintteldarrek. Hainbeste kilorekin ez, baina birraitona zenaren umorearekin jarraitzen dute ondorengoek ere.