Azpeitiko Gaztetxea ere batu da Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketetara

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 17:47
Beasaingo gaztetxean aurkeztu zituzten topaketak. Bertan izan ziren Azpeitiko gazteak ere. (GTX)

Martxoaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte jardunaldiak Beasaingo Gaztetxean. Bertan, gaztetxeen funtzionamenduaz nahiz antolakuntzaz hausnartuko dute, baita Euskal Herriko zein atzerriko proiektu ezberdinez ere. Besteak beste, kontrakulturaz, generoaz, etxebizitzaz eta komunikazioaz ariko dira. Azpeitiko gazteek ere eskainiko dituzte solasaldiak.

Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketekin bat egin du Azpeitiko Gaztetxeak. Martxoaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte gazteen arteko jardunaldiak Beasainen, eta hitzordura bertaratzeko deia egin dute Gipuzkoako gazte asanbladetako kideek. Antolatzaileek –tartean Azpeitiko Gaztetxeak– joan den zapatuan azaldu zituzten jardunaldien inguruko xehetasunak Beasainen.

Jardunaldien antolatzaileek azaldu zutenez, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketen ondotik erabaki zuten Gipuzkoako jardunaldiak antolatzea, "harremanak egiteko espazio bat sortzeko". Hilabetetan zehar antolaketa lanetan aritu ostean, Beasainen jarri dute Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladetako kideak elkartzeko hitzordua.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, gaztetxeen funtzionamenduaz eta antolakuntzaz arituko dira egun horietan. Era berean, atzerriko eta Euskal Herriko egitasmo eta proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute Topaketetara bertaratzen diren gazteek. Aldarrikapenerako tartea ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Errepresioaren aurkako manifezioa egingo dute jardunaldien barruan, Gaztetxeetako kideak aske, ogi gogorrari hagin zorrotza lelopean. 

Gazteek "elkar ezagutu eta anitzak diren errealitateak konpartitzeko aukera" sortu nahi dute jardunaldiekin. Izan ere, Gipuzkoako topaketen antolatzaileen aburuz, "herri nahiz auzoetan erritmo ezberdinak eta hamaika errealitate" daude, eta hori "elkar elikatzeko aukera bikaina” dela uste dute. 

Martxoaren 16rako, 17rako eta 18rako antolatu duten egitarauaren barruan, kontrakulturaz, generoaz, etxebizitzaz eta komunikazioaz aritzeko ekintza ezberdinak prestatu dituzte, besteak beste. Mahai inguruak eskainiko dituzten lagunen artean izango dira Azpeitiko gazteak. 

Aurkezpenak, datozen egunetan

Datozen asteetan aurkezpenak egingo dituzte Gipuzkoako herri eta auzoetan, "topaketen inguruko informazio zehatza" emateko. Herritarren proposamenak jaso nahi dituzte antolatzaileek, eta horretarako ere baliatuko dituzte herriz herriko aurkezpenak. Azpeitian oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duten Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketen berri emateko batzarra.