Beloaga gazteluak historian zehar izan duen garrantzia hizpide, Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 11:37

Beloaga gaztelua izan zuten hizketagai atzo, igandea, Sanagustin kulturgunean egindako Beloaga memoriaren behatokia hitzaldian. Nabarralde Fundazioko Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeak antolatu zuen solasaldia, eta Beñi Agirre historialari eta idazleak hartu zuen hitza. Besteak beste, Beloaga Memoriaren Behatokia dokumentala izan zuen hizpide Agirrek, eta hamarnaka lagun hurbildu zen haren azalpenak entzutera. Beloaga Memoriaren Behatokia ikus-entzunezkoak Oiartzungo Arkale mendian dagoen Beloaga gazteluaren historia kontatzen du. Abenduan aurkeztu zuten dokumentala Durangoko Azokan, eta orain herriz herri hitzaldiak eskaintzen ari dira Beloaga gazteluaren historia gizarteratzeko. Hitzaldira bertaratu ziren lagunek Beñi Agirreren azalpenak entzuteaz gain, elkarrekin gaiaz hitz egiteko parada ere izan zuten.

Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeko kideek azaldu dutenez, bada Beloaga bizirik izeneko proiektu bat, gazteluari balioa eman nahi diona: "Proiektuaren bidez gaztelua eraberritu nahi da, oroimen gune bilakatu, bere hormak dokumentu bilakatu. Gure lana da historiaren transmisioa egitea". Besteak beste, transmisioan eragiteko antolatu zuten atzoko solasaldia Nabarralde Fundazioko kideek.

Beloaga gaztelua defentsa gune estrategikoa izan zen gaztelarren konkistaren aurka. Gaztelu horrek eta beste hainbatek defentsa sarea osatzen zuten Nafar erreinu guztian zehar. Gaztelarrek 1200. urtean konkistatu zuten Beloagako gaztelua. Ondorengo urteetan Nafarroako erregeek gaztelua berreskuratzeko nahia agertu zuten behin eta berriz dokumentu historikoen bidez.