Mikel Herrera: "Guztiok egindako lanaren eta erakutsitako gogoaren erantzuna da hamar Goya sari jasotzea"

Uztarria.eus 2018ko ots. 16a, 16:19
Mikel Herrera, 'Handia' filmaren grabaketan. (David Herranz)

Horren handi bilakatu den Handia filmean lanean aritu zen Mikel Herrera (Azpeitia, 1994) azpeitiarra, efektu berezien departamentuan. Filmak hamar Goya sari jaso zituen joan zen otsailaren 3an Madrilen (Espainia) ospatu zen galan. Zinema aretoetara iristear den Errementariren grabaketan ere aritu zen efektu bereziak sortzen. Gaztea da Herrera, baina eskarmentu handikoa. Orain, zinemara berriro noiz itzuliko zain dago.

Zein izan zen zure egitekoa Handia filmean?

Efektu txikien ardura izan nuen orokorrean. Grabaketa osoan zehar aritu nintzen lanean, filma grabatu zen egun orotan, efektu horietaz arduratzeko. Furgoneta bat eramaten nuen nirekin, han lanerako behar genuen material guztia gordetzeko: kea sortzeko makinak, sua egitekoak, antortxak, antzinako lanparak, kandelak, haizea eragiteko gailuak... Erabiltzen dugun materialarentzako toki asko behar izaten dugu, tresnak handiak baitira gehienetan. 

Film bateko efektu bereziak aipatzen direnean, zertaz ari gara hitz egiten? ​

Bi efektu mota daude: mekanikoa edo bisuala eta digitala. Efektu bisuala esaten dugunean, momentuan, fisikoki, egiten dugun efektuaz ari gara. Efektu digitalak, aldiz, ordenagailuz egiten direnak dira. Adibidez, filmean bada Londres ageri den une bat, baina irudiok ez daude han hartuta. Horretarako, bertako kaleak eta giroa irudikatzeko, chroma izeneko tresna bat erabiltzen da. Chroma oihal berde edo urdin moduko bat da, grabaketaren unean atzean oihal hori dela hartzen dira irudiak, ondoren, ordenagailuz, Londreseko irudiak sartzeko. Efektu bisualak ondo egitea ezinbestekoa da, digitalera pasatzerakoan dena ondo irten dadin.

Ondo egindako efektu bereziak ikus daitezke filmean. Zein izan da sekretua?

Sekretua lan talde bikaina izatea da. Guztiok egindako lanaren eta jarritako gogoaren erantzuna da hamar Goya sari jasotzea.

Handia filmagarengatik Goya saria jaso dutenek adierazi dute talde oso baten emaitza izan dela lorpena. Nolakoa izan zen prozesua?

Sortze prozesuak zailtasunak izan ditu departamentu guztietan. Grabatzen jarri aurretik egindako lan guztiak, baina, asko lagundu zuen grabaketaren unean. Nik, esaterako, ikerketa luze eta sakon bat egin behar izan nuen garaiko lanparekin. Denetarikoak behar nituen: altuera txikikoak zein handikoak, indar askokoak eta gutxikoak, su kolore ezberdinetakoak... Lan polita izan zen, batez ere, mota ezberdinetako efektuak egin behar izan genituelako, hala nola elurra, kea, suteak... 

Euskal Herrian euskaraz ekoitzi den filmik garestiena izan da Handia —3 milioi eurotik gorako aurrekontua izan du–. Halako film batean parte hartu duzun lehenengo aldia izan al da? Zer da esperientzia honetatik ikasi duzuna?

Euskal Herrian lanean aritu naizen proiektu potoloena izan da Handia, baina hemendik kanpo aurrekontu handiko filmak egin ditut, esaterako Altamira edo Heidi The Queen of the Mountains.. Asko gustatuko litzaidake Handia bezalako euskarazko film gehiagotan lanean aritzea. 

Izan al zinen Goya sarien ekitaldian?

Penaz, baina ezin izan nuen Madrilera joan, une haietan telesail batean lanean ari nintzelako. Dena den, Espainiako Zinema Akademiak sarrera gutxi banatzen ditu galarako; hautagaitza bakoitzeko bi sarrera ematen ditu. Sari banaketaren gauean lokalean ikusi nuen Goya sarien gala lagunekin, oso-osorik. Lokalean egonagatik, oso urduri nengoen. Are gehiago nire lanari zegokion departamentuko sari banaketa iritsi bitartean horrenbeste Goya jasotzen ari ginela ikusita. Galaren biharamunean, filmeko lankideekin hitz egin nuen, eta gertatutakoa ezin sinetsita zeuden denak. 

Goya sarietan halako arrakasta izan duen filma batean lan egin izanak zure ibilbideari ateak zabalduko dizkiola uste al duzu?

Nik baietz pentsatzen dut. Izan ere, Goya sariak Espainiako Zinemaren munduan dauden sari garrantzitsuenetarikoak dira.

Zertan zabiltza orain? Zer proiektu dituzu aurrera begira?

Orain aitarekin nabil aroztegi batean lanean, zinemari lotutako lanen bat azaldu bitartean. Hil hasieran, Goya sarietako astean, lanean aritu nintzen Madrildik etorritako telesail bateko departamentuan, baina orain geldirik nago zinema munduan. Euskal zinemak udazkenera bitarterako hainbat proiektu ditu, eta ea lortzen dudan egitasmo horietako batean edo bestean murgiltzea. Izan ere, duela hilabete batzutatik ez nabil Drama FX enpresan lanean.