Gaurtik aurrera txipa beharko da organikoaren edukiontziak irekitzeko

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2018-02-16 12:44

Gaur jarriko dituzte edukiontzi marroi berri guztiak herrigunean. Errefusaren edukiontzi berriak, aldiz, bi asteren buruan jarriko dituztela aurreratu du Udalak. "Arazo teknikoak medio, zenbait egunez atzeratu behar izan da edukiontziak herrian jartzea", adierazi dute.

Edukiontzi marroi berriak jartzen, IƱaki Azpiazu kalean. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Egun batzutako atzerapenarekin, baina iritsi da hondakinak biltzeko sistema berrirako banatu dituzten txipdun txartelak erabiltzeko unea. Gaur jarriko dituzte hondakin organikoaren edukiontzi berri guztiak herrigunean eta, gaurtik aurrera, txipa beharko da derrigorrez edukiontzi marroi berriak irekitzeko eta hondakin organikoak horietan botatzeko. "Martxoaren 12a bitartean txipek edukiontzi guztiak irekiko dituzte, baina egun horretatik aurrera bakoitzak bere bizilekuarilotutako edukiontzia bakarrik ireki ahal izango du", gaineratu du Udalak.

"Arazo teknikoak medio, zenbait egunez atzeratu behar izan da edukiontziak herrian jartzea", adierazi dute arduradunek. Otsailaren 10erako ezarri asmo zuten guztiz bilketa sistema berria, baina luzeago joko du, azkenean, erabateko ezarpenak. Horrela, errefusaren edukiontzi berriak, horiek ere txiparekin ireki beharrekoak, izango dira jarriko dituzten azkenak; bi asteren buruan jarriko dituztela aurreratu dute.

Edukiontzien kokaleku aldaketak

Bestetik, eta "herritarren ekarpenak aintzat hartuta", zenbait lekutan edukiontzien kokalekuak aldatu egin dituztela gogora ekarri du Udalak. "Hala ere, zenbait kasutan, edukiontziek behin-behineko kokalekua dute oraindik, hainbat zailtasun medio. Kokapena aldatuko den kasuetan, bando edo gutun bidez jakinaraziko zaie bizilagunei aurrez", azaldu dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa