Hainbat ostalari bildu dira euskal ardoen dastaketan

Uztarria.eus 2018ko ots. 15a, 15:59

Herriko ostalariei zuzenduta, euskal ardoen dastaketa egin dute gaur, 10:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Hainbat tabernari elkartu dira bertan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako hainbat ardo dastatu dituzte; besteak beste, hiru probintzietako txakolinak eta Arabako Errioxako ardo zuriak nahiz beltzak. Gastronomian aditua den Josema Azpeitiak gidatu du saioa, eta hark azaldu dizkie ardo bakoitzaren nondik norakoak tabernariei. Ostalariek bertako ardoak ezagutzea da egitasmoaren helburua, gero haiek beraien bezeroen artean ere ezagutzera eman ditzaten. Eusko Jaurlaritzako HAZI fundazioak eta Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak sustatu dute saioa, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak lagunduta.

(Argazkia: Gipuzkoako Ostalarien Elkartea)