Alaitz Olaizola: "Sormena landuz gure nahiak eta desioak esnatzen saiatuko gara"

Uztarria.eus 2018ko ots. 15a, 19:17
Ezkerretik eskubira, Alaitz Olaizola, Ekain Ibarguren eta Ainhoa Casina, Lakrikunen entsegu lokalean.

Antzerki tailerra eskainiko du Alaitz Olaizolak Emakumeen Jabetze Eskolen barruan; ez da ohiko tailerra izango, ordea. Hau da, parte-hartzaileek ez dute antzezlan bat taularatu beharko ikasturte amaieran, "lokartuta" dagoen sormena landuko dute. Olaizolak dio antzerki tailerrak bizitzaren esparru ezberdinetan "sormena lantzen" laguntzen duela, baita "gure buruarengan pixka bat sinesten" ere. Eskoletan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago oraindik.

Zerk bereizten du aurtengo tailerra lehengo Emakumeen Antzerki Tailerretik?

Hamabi urte igaro genituen Emakumeen Antzerki Tailerrean. Hasierako hilabeteetan jolasak egiten genituen urtero, sormena eta gorputza lantzeko. Ondoren, oholtza probatu eta antzerki obra bat prestatzen genuen, ikasturte amaieran herritarren aurrean eskaintzeko. Aurten ez dugu dinamika hori jarraituko, ordea, beste helburu batzuk baititugu. Hastear den tailerraren xedea da elkartzea, elkar ezagutzea, elkarrekin jolastea eta sormena landuz antzerkira hurbiltzea. 

Sormenari garrantzia eman nahi diozula diozu. Zer eta nola sortuko dute parte-hartzaileek? 

Landu nahi dudana da istorioak nola sortu eta horiek nola adierazi antzerkiaren bitartez. Esaterako, parte-hartzaileek ipuinak idatz ditzakete eta gero horiek zein modutara gorpuztu pentsatuko dugu. Abiapuntuak ez du zertan ipuin edo istorio bat izan, abiatu gaitezke poesiatik edota bertso batetik. Treatroa bere horretan lantzeko aukera ere izango dugu nahi izatekotan, baita inprobisazioa ere. Sormen ariketa ezberdinak eginez antzerkira hurbiltzea da asmoa. 

Zein onura izan ditzake sortzaile sena garatzeak?

Emakumeen Antzerki Tailerrak iraun zituen hamabi urteetan konturatu nintzen gauza sinple eta txikietatik abiatuta izugarrizko istorioak sortzeko gai ginela. 'Nola da posible?' pentsatzen genuen, baina argi dago zergatik den: ez gara horretara jartzen. Antzerki tailerrak laguntzen du sormena lantzen, bizitzako edozein esparrutara begira: lanerako, harremanetarako... Erakusten digu gure buruarengan pixka bat sinesten eta sortzeko gaitasuna dugula ikusten. Sormena lokartuta dagoen zerbait da, eta lantzen ez bada, hor geldituko da, ez da bakarrik esnatuko. 

Badirudi jendeari kostatu egiten zaiola antzerkira animatzea. Zein izan daiteke arrazoia?

'Antzerki tailerra' entzun, eta burura etortzen zaizkigun aurreneko gauzak dira oholtza, testua, publikoa, lotura eta diziplina gogorra. Horrek atzera botatzen ditu pertsona asko. Baina aurtengo parte-hartzaileak lasai egon daitezke, tailerra ez delako oholtza gainera igotzeko, gure buruarekin jolasteko baizik. Umeen pare jarriko gara, jolastu egingo dugu eta barre asko elkarbanatuko ditugu; seguru sentituko gara. Sormena landuz gure nahiak eta desioak esnatzen saiatuko gara, antzerkia aitzaki hartuta. 

Mezu bat izena eman edo ez zalantzan dagoen horri:

Ez izateko beldurrik antzerkiari. Primeran pasako dugula ziurtatzen dut. Pertsonalki, oso esperientzi abesgarriak bizi izan ditut Emakumeen Antzerki Tailerrean, eta horiek bizitzera animatu nahi ditut herritarrak.

Tailerraren inguruko xehetasunak

Otsailaren 6tik maiatzaren 29a arte, astearteetan egingo dituzte bi orduko saioak, 18:00etatik 20:00etara. Izen-ematearen prezioa 42 euro izango da landunentzat, eta 28 euro langabetuentzat eta ikasleentzat). Izen-ematea Udaleko Parekidetasun sailean edo Emakumeen Txokoan egin daiteke.