Demokraziaz, justiziaz eta herritarren parte hartzeaz hitz egingo dute asteartean Loiolako Santutegian

Uztarria.eus 2018ko ots. 15a, 13:22

Loiola Zentroak antolatutako herritartasun eskola egitasmoaren barruan hitzaldia emango du Javier Arellanok. 19:00etan izango da doako saioa, gaztelaniaz.

Loiolako Santutegiko Loiola Zentroak antolatutako herritartasun eskola egitasmoaren laugarren hitzaldia izango da datorren asteartean, hilaren 20an. Javier Arellanok Democracia, Justicia y Participación Ciudadana saioa eskainiko du gaztelaniaz, eta sarrera doakoa izango da. 19:00etan hasiko da saioa, eta liburutegiko atetik sartu beharko da hitzaldira.

"Gaurkotasuna duten kezka sozialei buruz" eztabaida bultzatzea du helburu Loiola Zentroak prestatutako egitasmoak, eta antolatzaileek alternatiben inguruan hausnartzeko bidea zabaldu nahi dute. Herritar prestakuntzan eta konpromisoan sakondu nahi duten eta Elizan inplikatuta dauden pertsonei zuzendu dizkiete hitzaldiak.

Joan zen azaroan hasi zuten hitzaldi zikloa, eta orain arte gizarteko gai desberdinak jorratu dituzte. Hurrengo hitzaldia martxoaren 13an izango da, eta erlijioez, etikaz eta politikaz mintzatuko dira orduan.