Lady Banana eta Candidato Manchu taldeek kontzertuak eskainiko dituzte bihar Orkatzen

Uztarria.eus 2018ko ots. 15a, 11:09

Karnabalak agurtu berritan ere, festarako tarterik ez da faltako herrian. Bihar, ostirala, Lady Banana eta Cancidado Manchu musika taldeen emanaldiak izango dira Orkatz tabernan, 22:30ean hasita.

Lady Banana (argazkian) Zaragozako taldea da, eta asteburuan Euskal Herrira etorriko da zuzenekoak eskaintzera; jarritako hitzordu gutxi horien artean dago Orkatzen eskainiko duen kontzertua. Biko formatuan igotzen da oholtzara Lady Banana, eta musikalki stoner rock giroak lantzen ditu. Biharko kontzertuan Balance diskoa aurkeztuko dute, labetik atera berri duten estudioko azken emaitza. Zaragozako neskek Candidato Manchu taldea izango dute agertokian lagun. Iruñetik datorren rock banda da hori, eta besapean Hartza diskoarekin iritsiko dira Azpeitira.