Bertako ardoari bultzada

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 15a, 11:05
Josema Azpeitia izango da gaurko ardo dastaketako gidaria. (Gipuzkoako Ostalarien Elkartea)

Azpeitiko ostalariei zuzenduta, euskal ardoen dastaketa egingo dute gaur, 10:00etan, Sanagustin kulturgunean. Bertako ardoen kontsumoa bultzatzea da saioaren helburua.

"Bertako ardoen inguruan ezjakintasun handia dago". Gastronomian aditua den Josema Azpeitiak (Legazpi, 1969) baieztatu du hori hala dela, eta errealitate horri buelta bat eman nahian antolatu dute euskal ardoen dastaketa. Eusko Jaurlaritzako HAZI fundazioak eta Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak sustatu dute saioa, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak lagunduta. Gaur 10:00etan bilduko dira herriko ostalariak Sanagustin kulturgunean, eta Azpeitia bera izango da dastaketaren gidaria. Ondojan aldizkariaren arduraduna da, eta Basque Culinary Centerren euskal gastronomiaren inguruko eskolak ematen ditu.

Iaz egin zituzten egitasmoko lehen saioak, eta, orain, bigarren fasea hasi dute. Ordizian eta Oñatin egin dituzte aurreneko dastaketak, eta Azpeitikoa izango da hirugarrena. Helburu argia du proiektuak: "Gure lurraldeko ardoak ostalarien artean ezagutzera ematea nahi dugu, gero haiek beraien bezeroen artean ezagutzera eman ditzaten", azaldu dute antolatzaileek. Azpeitiak gure lurraldea hitzek zein eremu hartzen duten azaldu nahi izan du: "Kontuan hartu euskal esaten dugunean, Euskal Autonomia Erkidegoari buruz ari garela, Nafarroako eta Iparraldeko ardoak kanpoan gelditzen dira".

Euskal Herrian bertako produktuekin zer gertatzen den azaldu du Azpeitiak: "Konturatu gara turista asko etortzen dela hona gastronomiarengatik, eta euskaldunoi ere pila bat interesatzen zaigula gaia. Edozein jatetxetan aurkitzen ditugu hemengo platerak: legatza, kokotxak, txipiroiak... Aldiz, tabernara joan eta ardo bat eskatzen dugunean, zuri bat adibidez, Rueda bat edo Albariño bat ateratzen digute, edo beltza eskatuz gero, Errioxako ardoa, begiratu gabe ardo hori Arabakoa den edo ez. Hemengo ardoak ez dira zaintzen bertako jakiak adina. Ez dago kezka bera".

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.