"Maitatzeko eta harremantzeko era osasuntsuak" aldarrikatu ditu Basanderiek asanbladak San Valentin egunean

Uztarria.eus | Gizartea | Bideoa
2018-02-14 13:02

San Valentin eguna ospatzen dute gaur, otsailak 14, zenbait tokitan. Data horren harira, maitasun erromantikoaren aurka agertu da Basanderiek Azpeitiko emakume gazteen talde feminista. San Valentin eguna heteropatriarkatuak eta kapitalismoak bultzatzen duten eguna dela azpimarratu dute Basanderiekeko kideek: "Iritsi da beste urte batez maitasun erromantikoa indartu eta horretaz baliatuta gure poltsikoak usteko enpresa kapitalistek abiatutako estrategia". 

Talde feministak azaldu duenez, "diruaren esklabu garen bezalaxe gara maitasun erromantikoaren morroi". Horrez gain, urteetan zehar "maitatzeko era hegemoniko bat gailendu" dela salatu du asanbladak: "Maitasuna naturala dela erakutsi digute, aldaezina eta unibertsala dela. Maitatzeko era hegemoniko bat gailendu, irakatsi eta instituzionalizatu den bitartean gainerakoak zokoratu egin dira".

Denbora luzez maitasun erromantikoari "gorazarre" egin zaiola adierazi du Basanderiek asanbladak, "maitatzeko era hori emakumeen bizitzako helburu nagusi" bilakatuz. Maitasun erromantikoa emakumeen gorputzen gaineko "kontrola hartzeko" erabili dela salatu du Azpeitiko talde feministak: "Edertasun kanonak ezarri eta horiek bete gabe maitaezinak garela sinestarazi nahi izan digute, maitasun erromantikorik ez izatea bakarrik egotea dela. Maitemintzea dela harremanetako momenturik politena esan digute, guztiok berdin bizi dugula, eta agortzen bada egoera berrira egokitu behar garela".

Basanderieken iritziz, gizarte heteropatriarkalak pertsona bat baino gehiago maitatzea "ezinezkoa" dela sinestarazi du, eta horrek hainbat ondorio ekarri dituela azaldu du: "Bestelako harremanak osatzerakoan oztopo ugari aurkitzen ditugu. Alde batetik, gure barneko eraikuntza sozialari lotutakoak – uneoro sistema erreproduzitzen dugulako– eta, bestetik, gizartearen gaitzespena nahiz instituzioek jartzen dituztenak".

"Noraino iritsi gaitezke maitasunagatik? Maitasun erromantikoa dela eta gure aurkako erasoak onartzeraino iritsi gara emakumeak, gure harreman sozialak baztertzeraino, gure burua anulatzeraino, familia maitasunagatik lanez gainezka gure burua alde batera uzteraino", esan du asanblada feministak. 

Asanbladak salatu duenez, "Disney filmek, kolonia iragarkiek, eskoletako eta etxeko hezkuntzak… gaur egungo gizartean, kanpotik jasotzen ditugun iturri guztiek helarazten dituzte maitasun erromantikoa elikatzen duten mitoak". Horregatik, San Valentin eguna alboratzeko deia egin du emakume gazteen talde feministak: "Eraiki ditzagun maitatzeko eta harremantzeko era osasuntsuak, elkarrekin askatu gaitezen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa