Oier Etxeberriak kantatuko du Erniarraitz Txapelketako lehen kanporaketan

Uztarria.eus 2018ko ots. 14a, 12:25
2016ko Erniarraitz Txapelketako finaleko irudia.

Aurtengoa Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioa izango da, eta igandeko kanporaketa Azkoitiko Kultur Etxean izango da 17:00etan hasita. Oier Etxeberriarekin batera ariko dira kantuan, Aratz Igartzabal, Txaber Altube, Joanes Illarregi, Maialen Akizu eta Aitor Servier. Bigarren kanporaketa Errezilen izango da eta hirugarrena Zestoan. Guztira 18 bertsolari ariko dira lehian. Finala martxoaren 16an izango da Azpeitiko Gaztetxean.

Igandean, otsailaren 18an, hasiko da Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioa. Azkoitiko Kultur Etxean izango da lehen kanporaketa 17:00etan hasita, eta Oier Etxeberria azpeitiarra ariko da kantuan, Aratz Igartzabalekin, Txaber Altuberekin, Joanes Illarregirekin, Maialen Akizurekin eta Aitor Servierrekin batera. Gai-jartzaile lanetan Silvia Etxaniz ariko da.

Bigarren kanporaketa otsailaren 25ean, igandea, izango da Errezilgo Borondegi jatetxean, 17:00etatik aurrera, eta honako bertsolari hauek abestuko dute bertan: Jon Gurrutxaga, Eli Pagola, Malen Amenabar, Maider Arregi, Eñaut Martikorena eta Eneko Araiztegi. Gaiak jartzen Jokin Uranga ariko da.

Hirugarren eta azken kanporaketa martxoaren 4an, igandea, 17:00etan hasita egingo dute Zestoako Kultur Etxean. Saio horretan ere sei bertsolari ariko dira kantuan: Jon Ander Iriondo, Aitor Salegi, Aitor Bizkarra, Peru Abarrategi, Haritz Mujika eta Xabi Igoa. Aizpea Aristi arduratuko da bertsolariei gaiak jartzeaz.

Finala martxoaren 16an, ostiralez, jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasita, hiru kanporaketetatik sailkatzen diren sei bertsolari ariko dira nor baino nor txapelaren bila.

Bi urtez behin jokatzen dute Erniarraitz bertso sariketa, eta hainbat bertsolari gaztek parte hartzen du edizioz edizio.