Deustuk, IMHk eta Nabarraldek hainbat ikastaro emango dute Azpeitian datozen hilabeteetan

Uztarria.eus 2018ko ots. 9a, 17:46
Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga, ikastaroen eskuorriarekin. (Azpeitiko Udala)

Erakunde horiekin lortutako elkarlan hitzarmenen ondorioz, hamasei ikastaro berri aurkeztu ditu Udalak. IMH makina erreminta institutuak emango ditu gehienak, hamahiru, guztiak doakoak. Izena emateko epea irekita dago.

Formazio ikastaro sorta berri bat aurkeztu du Udalak datozen hilabeteetarako, Deustuko Unibertsitatearekin, IMH makina erreminta instutuarekin eta Nabarralderekin hitzartutako elkarlanaren barruan. "Herria etorkizunerako prestatzen eta eraldatzen" joatea da Udalaren helburuetako bat eta, Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak ikastaroen berri ematerakoan azaldu duenez, "eraldaketa horretan ezinbestekoa da langabeziari aurre egitea eta herritarrei etorkizuna eraikitzen laguntzeko herrian formazioa eskaintzea, eta Azpeitiko Udala eskaintza kalitatezkoa eta ahalik eta zabalena herrian bertan eskaintzeko esfortzu berezia ari da egiten".

Azpeitikoa "formazio ikastaroak ematen dituen udal bakarretakoa" dela adierazi dute udal ordezkariek, eta emaitzak "oso onak" izan direla, "lanpostu duinak bilatzeko aukera eman diotelako herritar askori". Formazio eskaintza indartzeko azken urteetan lotutako "aliantza estrategikoak" nabarmendu ditu Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak: "

Pauso garrantzitsuak eman ditugu azken bi urteotan. Hala, lehenik Deustuko Unibertsitatearekin akordioa sinatu genuen, eta hitzarmen horren bidez lan mundura zuzenduriko zein garapen pertsonalerako ikastaroak antolatzen dira. Gainera, ikastaroa egiten dutenek titulua jasotzen dute. Eskaintza hau ematen duen Gipuzkoako lehen herria da Azpeitia. Eta Udako Euskal Unibertsitatearekin ere egin dugu hitzarmena. Elkarlan horren emaitza ere zenbait ikastaro eta jardunaldi arrakastatsutan bilakatu da".

Ildo horretako azken hitzarmena berriki sinatu du Udalak Elgoibarko IMH makina erreminta institutuarekin, "lan mundura bideratutako eskaintza tekniko zehatza herrian" bertan eskaintzeko helburuarekin. Hitzarmen horren lehen erakusgarria dira IMHk otsailean bertan hasita Azpeitian eskainiko dituen doako hamahiru ikastaroak. Beste bi emango ditu Deustuko Unibertsitateak, eta Nabarraldek beste bat; hiru horietan matrikula ordaindu beharko dute ikasleek.

Ikastaro guzti horien xehetasunak, datak, ordutegiak eta izena emateko informazioa Azpeitiko Udalaren webgunean lor daiteke.