Jon Barkin: "Hartz taldearen formazio berriak egur gehiago ekarri du, zentzu musikalean"

Uztarria.eus 2018ko ots. 9a, 13:56
Ezkerretik eskubira, Julen Hidalgo, BeƱat Rodriguez eta Jon Barkin, Hartz taldeko kideak. (Hartz)

Joan den urrian proposatu zioten Jon Barkini (Azpeitia, 1993) Hartz musika taldera batzea, eta ez zuen bi aldiz pentsatu. Baxua jotzen du, eta "oso gustura" ari da bizitzen esperientzia berria. Beste azpeitiar batekin, Julen Hidalgo bateria-jotzailearekin, egin du topo taldean.

Nola iritsi zara Hartz taldera?

Beñat Rodriguez abeslariak eta Intza Arakistainek sortu zuten taldea, 2016aren hasieran. Gero batu zitzaien Asier Etxeberria. Formazio horrekin egon ziren aurreko urteko iraila aldera arte. Intza Greziara joan behar zen urte osorako, ikastera, eta Asierrek Australiara joateko ametsa zeukan. Orduan, Beñatek aurrera egitea erabaki zuen, eta Julen [Hidalgo, bateria] sartu zen. Niri irail bukaeran, Matadeiko kontzertu batean, eskaini zidaten sartzea. Oraingo formazioarekin lehen entsegua urri hasieran egin genuen. Lehen entseguetan hasi ginen kantu zahar batzuk jotzen, eta gerora Beñat hasi zen kantu berriekin etortzen. Normalean berak ekartzen ditu letrak, eta agian gitarra riff bat edo, eta entseguetan hortik abiatzen gara, kantuak moldatzeko. Denborarekin joan ginen kantu berriak egiten, eta konturatzerako, abendurako edo, bi kontzertu eman genituen: lehena izan zen azaroan Azkoitiko Zurten, eta bigarrena abenduan, Orkatzen.

Zer moduz egokitu zara zu taldera?

Beñat laguna nuen, eta Julen ere ezaguzten nuen pixka bat, baina hasieran banuen kezka pixka bat, ea nola moldatuko nintzen. Julenek esperientzia handia du bateria jotzen, beste hiru taldetan ere jotzen du: Oldarkorren, Verraterren, eta orain, Silence izeneko beste batean. Beñatek ja bazeukan ibilbide bat taldean. Nik neuk BLU izeneko taldearekin pare bat kontzertu eman ditut Orkatzen eta Astigarragan; Gaztetxeko Bertsio Gauerako egin genuen gauza bat izan zen, eta gero pare bat kontzertu eman genituen. Nahikoa kuriosoa izan zen. Nik hor gitarra jotzen nuen; 15-16 urterekin hasi nintzen gitarra jotzen, neure kabuz, baina behin ere ez nuen inongo taldetan jo. Baxua jotzeaz nekiena, berriz, kuadrillako bati bolada baterako eskatutako batekin ikasitako pare bat gauza ziren, baina ezer seriorik ez. Horregatik, batik bat, nire hasierako kezkak. Baina pare bat entsegu eta gero, ikusi nuen gauzak ondo zihoazela, animatu egin nintzen, eta oso gustura nabil, egia esan.

Berregituraketak eraginik izan al du taldearen estiloan?

Uste dut baietz, formazio berriak ekarri duela egur gehiago, zentzu musikalean; kantu askotan antzemango da hori. Lehengo formazioarekin konparatuta, abiadura aldetik-eta indar gehiago dute kantuek, eta hitzek-eta lehengo estiloaren bidetik segituko dutela esango nuke, Beñatek jarraitzen duelako idazten. Bere berezko estilo hori mantentzen da.

Diskoa ere atera duzue. Lehendabizikoa da, ezta?

Zurteko eta Orkatzeko kontzertuetarako bagenituen kantu batzuk prestatuta, eta zazpiren bat-edo berri asmatu genituenean, Beñati buruan sartu zitzaion ja grabatzeko ideia. Beste kantu batzuk osatzen joan ginen, eta tarte laburrean 9-10 kantu geneuzkan; orduan erabaki genuen grabatzera sartzea. Urtarril hasieran Azkoitiko Matadeira joan ginen, eta han, geure kabuz eta Joxe Mari Unanueren laguntzarekin, kantu denak grabatu genituen. Bi-hiru astean grabatu genuen diskoa. Formazio zaharrarekin maketa bat atera zuten, 2016an, oker ez banago, eta hau da formazio berriarkein egin dugun lehen lana.

Nolakoa da Iraungitze Datei?

Hamaika kantu dira, horietako bat akustikoa. Kantu batetik bestera nahikoa ezberdintasun dago estilo aldetik. Batzuek kutsu pop-rockeroagoa eduki dezakete, beste batzuk punkiagoak dira, rock gogor samarraren edo metal ukitua duten pare bat kantu ere egon daitezke. Hor antzeman da taldean izan den aldaketa.

Nolakoa izan zen grabazio prozesua?

Joxe Mari Unanueri eskerrak eman nahi dizkiot; beragatik izan ez balitz, asko-asko kostatuko zitzaigun grabatzea. Izan ere, ideia handirik ez geneukan, esperientzia bezala oso aberasgarria izan da denontzat. Joxe Marik lagundu digu dena muntatzen, kantu bakoitzaren inguruan iritzia ematen... Ikasgai bezala oso produktiboa izan da. Gustura gaude egin dugunarekin, egia esan.

Non eskuratu daiteke diskoa?

Momentuz ez dugu ale fisikorik, baina disko osoa dago Youtuben, eta Spotify eta halakoetan ere joango gara jartzen. Bandcampen ere badagoela uste dut.

Azken kontzertua Zestoan eman zenuten. Zer moduz sentitzen zara jende aurrean?

Agertokira igo aurretik urduri samar, tentsio pixka bat edukitzen dut. Baina behin igo eta gero, dena pasatzen zait, kantuetan eta instrumentuan zentratzen naiz, eta oso gustura. Sentsazio polita da.