Familia osoak gozatzeko festa

Urola Kostako Hitza | Festak | Artikulua
2018-02-09 10:40

Astelehen Karnabaleko umeen mozorro desfilean seme-alabekin batera parte hartzen duten gurasoak gero eta gehiago dira. Esteban Campos da horietako bat.

Diskoteka zalez girotuta atera ziren kalera iaz Esteban Campos eta lagunak. (Mailo Oiarzabal)  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Mozorrotutako haurren desfilea" bezala iragartzen dute jai egitarauan, eta hala da, berez. Baina gero eta gehiago dira Azpeitiko Astelehen Karnabal eguerdiko kalejiran parte hartzen duten helduak. Gurasoak eta seme-alabak, aiton-amonak ere bai tartean, beren seme-alabekin ateratzen diren lagun kuadrillak… Ehunka lagunek beteko dituzte Alde Zaharreko kaleak datorren astelehenean ere mozorro festa handian.

Taldean ateratzen diren horien artean ez dira falta, era berean, mozorro bat edota gai bat aukeratu eta karroza eta guzti ateratzen direnak ere. Azken urteetan desfilean hutsik egin ez duten talde horietako baten kidea da Esteban Campos (Azpeitia, 1970). Aurten bosgarren aldiz irtengo dira astelehen eguerdiko desfilean Campos eta bere lagunak. "Bost senar-emazte bikote eta zortzi bat ume gara irteten garenak, 2 eta 11-12 urte bitartekoak; hamar ume ere izan ziren, garai batean", kontatu du. Heavyz, arraunlariz, pirataz eta diskoteka zalez mozorrotu izan dira aurreko urteetan. Aurtengorako ere ari dira prestatzen, baina nahiago dute, momentuz, mozorroa isilik gordetzea.

Egindakoak edo utzitakoak

Badira hilabete batzuk karnabaletan zertaz mozorrotu erabaki zutela. "Udazkenean bazkari bat egiten dugu, horixe erabakitzeko aitzakiarekin. Gero, data gerturatu ahala, pare bat zapatutan inguratzen dugu beharko dugun jeneroa. Gurpil batzuk badauzkagu, egur batzuk eta kartoi batzuk inguratu, eta…", azaldu du. Izan ere, mozorro kontuan "erostea eta alokatzea ez doaz gurekin", nabarmendu du: "Gure helburua izaten da, ahal izanez gero, gasturik egin gabe osatzea. Aurten aterako dugun karroza ere ez da 15 eurora ailegatzen. Puntapaxak eta tirafondo batzuk, Gibertenean; horiexek erosi ditugu". Egurrak eta listoiak tailerren batean eskatu, kartoiak beste lantoki batean; horrela egin dute, lagunen artean, aurtengorako karroza. "Ez dago ingeniaria izan beharrik. Mailukadaren bat edo beste hartu hatzen batean, eta aurrera", dio Camposek. Mozorroak ere beraiek egiten dituzte, edo bestek utzitakoak erabiltzen dituzte; astelehen honetakoak utzitakoak izango dituzte.

Zezenarekin nola ezkondu

Desfilean ondoen nortzuk pasatzen duten galdetuta, umeek ala helduek, "geuk hobeto, seguruenez", dio Camposek, baina "umeei ere protagonismo handia" ematen dietela eta haiek ere "oso gustura" ibiltzen direla gaineratuta. Denek neurri berean ez dutela gozatzen ere eman du aditzera, lehen urteko pasartea umorez kontatuta: "Ni ez naiz jendearen aurrean lotsatzen den horietakoa, baina badago bakarren bat asko lotsatzen dena, lehenengo urtean Erdikaletik pasatzeak erreparo handia ematen ziona. Astuna zela karroa, baina, airean eraman zuen ia Erdikalean gora! Orain erlaxatuta dago".

Desfilearen ondoren, heldu eta ume bazkaltzera joaten dira soziedadera, "eguraldia ona bada Ilunpera, eta txarra denean Ardozaleakera". Camposentzat, "pena" da arratsaldean festari jarraipena ezin ematea: "Gertatzen da arratsaldean herrigunean ezin izaten dugula ibili, zezena ibiltzen delako. Ez dut esan nahi zezena kendu behar dela, ezta gutxiago ere; baina bai, agian, beste irtenbide batzuk bilatzea. Izan ere, eguraldi ona egiten duenean, egunpasa eder bat egiteko aukera ematen duenean, erabat mugatzen du zezenak umeekin kalean".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia MAITE | 2018-02-09 : 13:13

Egia dau urteroko zitari eusten diogunak asko garela. Ilusioz egiten dugu, umeengatik eta noski, guregatik ere. Familian ateratzeak ere baduela bere grazia.

Estebanekin erabat ados nago. Egunaren forma aldatzen ari da. Garai batean, umeak bakarrik ateratzen ginen desfiean eta ez genuen ondoren ezer izaten. Gaur ordea, asko gara ondoren bazkari bat egiten dugunak. Estebanek dioen moduan, egunari ere forma eman beharko litzaioke. Zezenak asko kondizionatzen du baina giroa ere ipintzen du. Berdura plaza berria ere hor dago... agian bazkari herrikoi bat, Santo Tomas eguean arratsladez giro aparta sortzen da Kioskoko musikarekin. Agian horrelako zerbait ipiniko balitz...

Erabiltzailearen aurpegia gurasobat | 2018-02-09 : 13:45

Erabat ados Esteban Campoxekin, egunpasa eder bat egiteko aukera erabat mugatzen du zezenak alde zaharrean eta plazan. Tolosan zezenak zezenplazan izaten dira ta kalea jendearentzat izan beharko luke. Zezeneko orduek kalea asko "hipotzekatzen" dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa