Fernando Alberdi: "Arrakasta handia izan du mangoa Ezpeletako piperrautsarekin nahastuta egin dudan izozkiak"

Uztarria.eus | Ekonomia | Artikulua
2018-02-08 16:20

Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena izozki lehiaketako finalera sailkatu da Fernando Alberdi. Otsailaren 22an jokatuko du final handia azpeitiarrak, Madrilen.

Fernando Alberdi izozkigilea Ourensen jokatutako kanporaketan. (F.A.)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Fernando Alberdi (Azpeitia, 1976) Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena izozki lehiaketako finalera sailkatu da. Anhcea Espainiako izozkigileen erakundeak eta Italiako IceTeam 1927 makineria markak antolatzen dute txapelketa, bi urtez behin. Egun, Aizarnazabalen bizi da Alberdi, baina Getarian lan egiten du: han du Dona Doni izozki denda.

Urtarrilaren 30ean jokatu zen txapelketako lehen kanporaketa Ourensen (Galizia), eta zortzi lehiakidek parte hartu zuten bertan; tartean zen Alberdi. Sacher tarta zaporeko izozki bat eta nahi zuen zaporeko beste bat egin behar izan zituen kanporaketa hartan. Zapore libreko izozkiaren kasuan, mangoa ezpeletako piperrautsarekin nahastea izan zen Alberdiren hautua. Lehen postua eskuratu zuen azpeitiarrak lehian, eta zuzenean sailkatu zen finalera.

Txapelketan, epaimahaiak zehazten du zein zaporetako izozkia egin behar duten lehiakideek, eta, aurtengoan, Sacher tarta aukeratu dute. "Txokolatezko bizkotxoa da, txokolatezko hainbat geruzaz estalia. Gozogintza munduan oso ezaguna da tarta hori, ziur jan izan duzuela, baina ez dakizuela horrela izena duela", azaldu du Alberdik. Kanporaketara joan aurretik bazekiten lehiakideek zapore horretako izozkia egin behar zutela, eta denbora bat izan dute errezeta prestatzeko.

Horrez gain, nahi duten zaporeko beste izozki bat egiteko aukera zuten lehiakideek, eta ohiko mango zaporeari pikante ukitu bat ematea erabaki zuen Alberdik. "Ez da nahasketa xelebrea. Ni taberna munduan ibilitakoa naiz, eta mango koktelak egiterakoan, beti botatzen zaio pikantea. Mangoa gozoegia da, eta txispa pixka bat behar du. Bere garaian, txile edo piperrautsa botatzen nien koktelei, eta Euskal Herrian ezaguna Ezpeletako piperrautsa denez, bertako produktuen aldeko hautua egin nuen". Ezpeletako piperrautsarekin egindako marmelada nahastu zion mango zaporeko izozkiari, eta, haren arabera, "arrakasta handia" izan du izozki horrek.

Errezetak aurrez pentsatuta eraman zituen arren, kanporaketako egunean, hantxe bertan egin behar izan zituen izozkiak Alberdik, epaimahaiaren aurrean. Hark aurkeztutako bi izozkiek "puntu asko" eskuratu zituzten, eta zortzi lehiakideen artean, aurrena gelditu zen sailkapenean. "Ez nuen espero. Banekien izozkigile ezagun batzuk zihoazela kanporaketara, eta nire ilusioa zen haiekin egotea, egun ederra pasatzea... Hurrengo fasera sailkatzea nahi nuen, baina ez nuen espero aurrena egitea; gainera, diferentzia pixka batekin irabazi nuen, eta sorpresa handia izan zen hori niretzat. Gustura nago; sektore honetan garrantzitsua izaten da horrelako probak irabaztea".

Bederatzi lehiakide

Ourensekoaz gain, beste bi kanporaketa jokatuko dituzte txapelketan, eta horietako bakoitzetik hiru onenak sailkatuko dira finalera. Beraz, bederatzi lehiakide izango dira otsailaren 22an Madrilen jokatuko den finalean. Han ere Sacher tarta zaporeko izozkia eta zapore libreko beste bat egin beharko dituzte finalistek, eta bien artean puntu gehien lortzen dituen izozkigilea izango da aurtengo irabazlea. Sacher tarta zaporeko izozkia baloratuko du epaimahaiak batez ere, aurtengo lehiarako aukeratutako zaporea hori delako. Txapeldunak Sacher tarta zaporeko Zapore Nazional Onena dela ziurtatzen duen agiria jasoko du bi urterako, eta datorren urtean jokatuko den Espainiako Txapelketara sailkatuko da zuzenean.

Alberdik ez daki oraindik mango zaporeko izozkia edo beste bat aurkeztuko duen finalean, zapore libreko atalean. "Egunotan, egindakoa hobetzen saiatzen ari naiz. Denborarik ez daukat zerbait ezberdina egiteko, eta presaka eta gaizki egiteko, nahiago dut agian lehendik daukadana defendatu". Dioenez, "pixka bat urduri" dago: "Han maila biderkatu egingo da, Espainia guztiko jendea joango da...".

Alberdi aurrenekoz aurkeztu da lehiaketara, eta uste du aurtengoa "aurrena eta azkena" izango dela. "Oso urduri egon nintzen Ourensen, oso gaizki pasatu nuen; uste nuen gaixo nengoela. Egun guztia egon behar izan nuen han, nire txandaren zain, besteei begira... Ohituta nago jende aurrean ibiltzera, baina txapelketa baten presiopean aritzera ez. Pentsatu nuen: 'Honek ez du merezi; honaino etorri eta gaizki pasatzeko, etxean hobeto nengoen'". Hori bai, aurrena egin zuela jakitean, beste modu batera ikusi zuen dena. "Dena ahaztu zitzaidan, orduan bai sentitu nintzela gustura".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa