Kolorez eta festa giroz beteta iritsiko dira karnabalak

Uztarria.eus | Festak | Artikulua
2018-02-08 13:05

Bihar, ostirala, emango diote hasiera karnabaletako asteburu luzeari, eta asteartera bitartean ekintza ugari izango dira herrian. Zapatuan, besteak beste, txu-txu trena eta haurrentzako jolasak izango dira, eta igandean lehertuko da festa, Elegante Egunarekin.

Mikel ibarzabal eta Ainhoa Beristain zinegotziak. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Joan den astetik inauteri giroan murgilduta dago herria. Kaldereroak izan ziren larunbatean, eta trapu zaharrak ateratzeko oihu eginda, mozorroak eta elegante jantziak armairuetatik ateratzeko garaia dela gogorarazi zieten herritarrei. Aurtengoan ere, egitarau oparoa prestatu du Udalak karnabaletarako. Mikel Ibarzabal Festa Batzordeburuak eta Ainhoa Beristain zinegotziak azpimarratu dutenez, umeek festaz goza dezaten ekintzak antolatzen "indar berezia" egin dute.

Bihar, ostirala, emango diote hasiera karnabaletako asteburu luzeari, eta asteartera bitartean ekintza ugari izango dira adin guztietako herritar zein bisitarientzat: "Ekitaldi ugari antolatu ditugu, aurten, bereziki haur zein gaztetxoentzako ekintzak indartzen eta bultzatzen saiatu gara, horiek ere festez gozatzeko aukerak izan ditzaten, eta egitarau polita antolatu dugula uste dut", azaldu du Ibarzabalek. Zapatu eta asterate arratsaldean haur parkea izango da 16:00etatik 20:00etara; zapatuan, plazan, eta asteartean Olazko amaren plazan. Horrez gain, astelehen karnabaleko haurren desfilea Zaldi Ametsak taldeak girotuko du, eta, bukaeran, iaz bezala, Kantu Kolore taldea izango da plazan: "Iaz egundoko giroa sortu zen desfile ostean plazan, eta aurten desfilea girotzeko apustua ere egin dugu", gaineratu du Beristainek.

Txu-txu trena, zapatuan

Txu-txu trena ere ibiliko da zapatuan herriko kaleetan, goizez eta arratsaldez, plazatik abiatuta: 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era izango da zerbitzua. Aurretik, ordea, bi bidaia berezi egingo ditu trenak. Izan ere, 11:00etatik 12:00etara, San Martin egoitzako egoiliarrek izango dute txu-txu trenean paseatzeko aukera.

Karnabalak elegante jantzi eta mozorretzeko egunak izan ohi dira, eta herritarrei etxeko arropa zaharrak atera eta festan murgiltzeko deia egin diete bi zinegotziek. Baina, guztiaren gainetik, errespetuz jokatzeko eskatu diete herritarrei: "Festak guztiok ondo pasatzeko egunak dira. Eta horixe eskatzen dugu, ondo pasatzea, eta ingurua eta ingurukoak zaindu eta errespetatzea".

Egitaraua

Otsailak 9, ostirala

18:30. Euskal Inauterien jaialdia: Azpeitiko ikastola Ikasberri Kooperatibak herriko kaleak euskal inauteriz bustiko ditu. 19:30ean plazan amaituko da jaialdia.

Otsailak 10, larunbata

12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Txu-txu trenean ibiltzeko aukera izango dute herritar guztiek. Ibilbideari hasiera udaletxeko arkupetan emango diote, eta herriko hainbat kale bisitatuko ditu trenak.

16:00etatik 20:00etara. Haur parkea, plazan.

Otsailak 11, jai karnabala

09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.

11:30. Udal Musika Banda, Eltziegoko Gaiteroak eta Incansables txaranga herriko kaleetan zehar.

12:00. Sokamuturra, plazan. 12:30. Eleganteen pasiera, artzain-inudeak danbor-jotzaileekin, karroza, Eltziegoko gaiteroak eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariak eta Incansables txaranga.

16:15. Zezenaren irteera girotzeko, Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika bandak hainbat doinu joko dituzte. Ondoren, Izarraitz txistulari taldea.

16:30. Sokamuturra. 19:00etatik 23:00etara. Elektrotxaranga.

19:30etik 23:30era. Gau-Erdi txaranga.

Otsailak 12, astelehen karnabala

11:00. Sokako zezena Erdikalean eta zezen txikiak eta poniak plazan.

12:30. Haurren desfilea herriko banda gazteak, txilibiteroek eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilarien lagunduta Ondoren, dantzaldia Kantu Kolore taldearekin.

16:15. Zezenaren irteera girotuko dute Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika bandak. Ondoren, Izarraitz txistulari taldea.

16:30. Sokamuturra.

19:30. Udal Musika Bandaren kalejira. Ondoren. Urolatarrak txaranga kalez kale.

23:00etatik 02:30era. Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia plazan.

00:00. Los Pasai txaranga eta Bricadeira perkusio taldeen emanaldiak.

00:30. Itsasi taldeko ttuntturroak eta helduen mozorro lehiaketa.

Otsailak 13, astearte karnabala

02:00. Los Pasai txarangaren emanaldia.

07:00etatik 09:30era. Sokamuturra.

16:30etik 20:00etara. Sokamuturra.

16:00. Umeentzako jolasak Olazko Andre Mariaren plazan.

18:30. Irulitxa txaranga.

20:00. Inauteriei amaiera emateko suzko zezena plazan, Irulitxa txarangaren laguntzarekin.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa