Karnabalak 2018

Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko "argazki erraldoia" ateratzeko deia egin dute Elegante Egunerako

Uztarria.eus 2018ko ots. 8a, 11:06
Aurtengo argazkiaren deialdirako prestatu duten kartela da hau. (Azpeitiko Kalera)

Azpeitiko Kalerak egin du deialdia eta 13:30ean aterako dute argazkia, plazan, "festaz gozatzeko aukera ederra dugun egunotan, gurekin jaiak gozatzerik izango ez duten errepresaliatu politikoak gogoan".

Urtero legez, aurten ere Jai Karnabalean euskal preso, iheslari eta deportatuak gogoan izango dituzte herrian. Urteroko "argazki erraldoia" ateratzeko deia egin du Azpeitiko Kalerak, eta bertan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. "Festaz gozatzeko aukera ederra dugun egunotan, gurekin jaiak gozatzerik izango ez duten errepresaliatu politikoak gogoan izango ditugu. Beraien askatasuna eskatuko dugu, gurekin batera Euskal Herrian, Azpeitian egon behar dutela aldarrikatuko dugu", diote deitzaileek. 13:30ean egin dute hitzordua, plazan.

"Euskal preso politikoek urratsak egiten jarraitzen dute, konponbidean lagungarriak diren ekimenak aurrera eramaten. Ekinaren ekinez, Frantziako Gobernuaren itxikeria bere amaierara iristen ari dela dirudi eta pauso batzuk ematen hasia da. Pauso txiki horiek, pauso handiagoen hasiera izatea lortu behar dugu, Espainiako Gobernuaren itxikeria eta krudelkeria are modu ageriagoan uztea lortuko duten pausoak, mendekuan oinarritutako politikak alde batera utzi eta konponbidera begirako neurriak hartzen hasi daitezen", azaldu dute Kalerakoek, "herritar guztioi euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak kalean izan arte lanean jarraitzera" animatuz.