Erika Olaizola: "Txokolatezko coulant beroaren eta mandarina izozkiaren kontrasteak erakartzen nau"

Uztarria.eus | Kultura | Artikulua
2018-02-07 11:19

Hainbat sari jaso du Erika Olaizola azpeitiar aktoreak eta sortzaileak Amancay Gaztañagarekin batera zuzendu duen Z U L O film laburra tarteko. Uztarriaren urtarrileko aldizkarian, 201. zenbakian, Azpeitiko Udaleko Arremanitz Sexu eta Bikote aholkularitza zerbitzuko Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Hainbat sari jaso du Erika Olaizolak Amancay Gaztañagarekin batera zuzendu duen Z U L O film laburra tarteko. Hura izan da Uztarriaren 201. zenbakiko 'Erotikan Plax!' ataleko protagonista.

Zergatik Z U L O?
Hitzak duen jokoagatik.

Zertan gozatu duzu gehien?
Hazia ereiten eta landarea ureztatzen. Lorea usaintzen ari garen honetan ere, gozatzen ari naiz.

Zer ikusiko zenuke zulo txiki batetik?
Beste zulo bat [kar, kar, kar].

Sortze prozesuetan eraiki eta deseraiki ibiltzen gara. Zer eraiki eta deseraiki behar genuke maitasun kontuetan?
Eraikitakoa deseraiki, deseraikitakoa eraiki...

Zer da garrantzisua talde lanean?
Denek bat egiten duten modua aurkitzea.

Inprobisatzea edo jakineko gidoia jarraitzea nahiago?
Bata edo bestea, orain eta hemen.

Norekin egingo zenuke film bat?
Ryan Goslingekin [kar, kar, kar].

Errealitatean orgasmo asko antzezten dira?
Bakoitza izan dadila bere ekintzen arduradun.

Z U L O maitasunez egindako maitasun istorioa da. Zer egiten duzu maitasunez?
Modu kontzientean, neure burua entzun, sentitu eta onartu, maitasunez eta mimoz.

Azpeitiko zein buruhandirekin maiteminduko zinateke?
Maskuriarekin ondo moldatzen den edozeinekin [barrez].

Ezaguna izanda, gehiago ligatzen da?
Ezaguna? Zeinentzat?

Zer izan nahi zenuen handitan?
Arkeologoa edo astronauta.

Zerk erakartzen zaitu?
Txokolatezko coulant beroaren eta mandarina izozkiaren kontrasteak.

Kontraesan bat?
Kontraesanik ez dugula esatea.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa