Herrietako merkataritzan eragiteko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute

Uztarria.eus 2018ko ots. 7a, 11:46
Merkataritza Mahaiko eta udaletako ordezkariak. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Eskualdeko saltokietan erosteak dituen "abantailak" azaltzeaz gain, merkataritza tradizionalak eskualdeko ekonomian nahiz herriguneen bizitzan duen "garrantziaz" herritarrak sentsibilizatzeko egitasmoa atzo aurkeztu zuten. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, Dendarteanek, Iraurgi Berritzenek eta hiru herrietako merkatari elkarteek elkarlanean landutako proiektua da. Eskualdeko irudiekin osatutako hiru bideo ditu ardatz kanpainak.

Eskualdeko herrietako "merkatari txikien jarduna sustatzea" helburu duen sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan datozen asteetan. Eskualdeko saltoki txikietan erosteak dituen "abantailak" azaltzeaz gain, merkataritza tradizionalak eskualdeko ekonomian nahiz herriguneen bizitzan duen "garrantziaz" herritarrak sentsibilizatzeko egitasmo berria atzo aurkeztu zuten Zestoan. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, Dendarteanek, Iraurgi Berritzenek eta hiru herrietako merkatari elkarteek elkarlanean landutako proiektua da.

Hain zuzen ere, Lili jauregian egin zen ekitaldian izan ziren hiru udaletako ordezkari politikoak, Iraurgi Berritzeneko teknikariak eta Azkoitiko Herrixen, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoan merkatari elkarteetako hainbat dendari. Iraurgi Berritzeneko teknikari Alazne Larrañagaren esanetan, eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzeko asmoz iaz egin zuten azterketa du abiapuntu egitasmoak. Iraurgi Berritzeneko teknikariaren esanetan, ikerketa hura baliogarria izan da eskualdeko merkatari txikien "indarguneak eta ahulguneak" identifikatzeko eta dendarien "iritziak jasotzeko eta haien kezka nagusiak mahai gainean jartzeko".

Ikus-entzunezko hiru lan

Eskualdeko irudiekin osatutako hiru bideo ditu ardatz sentsibilizazio kanpainak, eta hilaren 14an, 16an eta 21ean aurkeztuko dituzte sarean, tokiko hedabideetan eta Azkoitiko eta Azpeitiko zinema aretoetan. Merkataritza mahaiak jakinarazi duenez, landutako bideoek eskualdeko merkataritzaren "bereizgarriak azpimarratzea" dute xede, Interneten eta saltoki handien aurrean denda txikiek dituzten "indarguneak" agerian utzita.

Era berean, Merkataritza Mahaiak ekintza gehiago antolatzea aurreikusten du urtean zehar.