TAO sistemadun aparkalekuak egokitu dituzte Azoka Plazaren atzean

Uztarria.eus | Hirigintza | Argazkia
2018-02-07 10:38

Azoka Plaza atzean aparkalekuak berreskuratu ditu Azpeitiko Udalak. 13 autorentzat tokia egokitu dute gune horretan, eta autoak aldi baterako utzi ahal izango dira bertan; hain zuzen ere, gehienez, ordu eta erdiz. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean edo larunbatetan 09:00etatik 15:00etara autoa gune horretan aparkatzen dutenek ordaindu egin beharko dute. Gutxienez 0,20 euro ordaindu beharko da (25 minutu) eta 0,70 euro gehienez (90 minutu).

Joan zen zapatuan inauguratu zuten Azoka Plaza berritua, eta egun hartatik aparkatu daiteke haren atzean egokitu duten gunean. Udalak azaldu duenez, aparkaleku horien helburua da Alde Zaharrera erosketak-edo egitera doazen herritarrei autoa bertan uzteko aukera eskaintzea.

Aparkaleku publikoa, Alberdienean

Duela hilabete batzuetatik martxan dira Alberdienea gunean etxebizitzak eraikitzeko obrak, eta eraikina bukatzen dutenean, lehen solairuan aparkaleku publikoa izango dela gogorarazi du Udalak. Etxegileekin egindako hitzarmena tarteko, 1.611,10 metro koadro izango dituen gunea 415.185 euroren trukean eskuratu du Udalak, eta, han, gutxienez, 51 autorentzako aparkalekuak egingo ditu erakundeak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa