Enpresa ideiak garatzeko eta proiektuak abian jartzeko diru-laguntzak otsailaren 20a bitartean eskatu ahalko dira

Uztarria.eus 2018ko ots. 6a, 13:02
Iraurgi Berritzeneko teknikari Alazne LarraƱaga, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Nagore Alkorta Azpeitiko Udaleko teknikaria, gaurko agerraldian..

Enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntzak banatuko dituzte elkarlanean Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenek eta Lanbidek. Hainbat baldintza bete behar dituzte  diru-laguntza eskaera egin nahi duten ekintzaileek, eta eskariak otsailaren 20a bitartean egin behar dira Azpeitiko udaletxean.

Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenek eta Lanbidek elkarlanean enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntzak banatuko dituzte. Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakari Eneko Etxeberriak adierazi duenez, 2010ean Azpeitiko Udalak eskualdeko udalekin elkarlanean plan estrategikoa aurkeztu eta tramitatu zuen, eta egitasmo haren harira banatuko dituzte aurten ekintzaileentzako laguntza ekonomikoak. Etxeberriaren esanetan, Azpeitiko udalak eskatu arren, "eskualdeko ekintzaile guztiei eskainitako laguntzak" dira: "Gure plan estrategikoa eskualde izaerakoa da, eta, beraz, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Beizamako udalok elkarlanean egindako proiektua da, Iraurgi Berritzenen laguntzarekin".

Aurkeztu berri duten egitasmoaren harira, Etxeberriak azpimarratu du interesa duten ekintzaileek "baldintza eta data zehatzak" bete behar dituztela: "Proiektuak aurkezteko eguna, baldintzak eta laguntza jasoko duten pertsona kopurua zehaztuta daude. Beraz, beren ideiak edo proiektuak aurkeztu nahi dituzten herritarrei ahal bezain azkarren udalarekin harremanetan jartzeko eskatu nahi diegu". Etxeberriarekin batera izan dira gaurko agerraldian Iraurgi Berritzeneko teknikari Alazne Larrañaga, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Nagore Alkorta Azpeitiko Udaleko teknikaria.  

Enpresa ideia garatzeko edo negozioa martxan jartzeko bideratuko dira diru laguntzak, bi lan lerro nagusitan. Larrañagak jakinarazi ditu laguntza ekonomikoen zehaztapenak:

1.- Enpresa ideia garatzeko diru-laguntza, ideia bat izan eta hori bideragarria al den jakin nahi dutenentzat bideratuko da. Ekintzaile horiei beren inpresa ideia sortzen, aztertzen eta egituratzen lagunduko zaie. Gehienez zazpi pertsonei emango diete laguntza: 30 urte baino gutxiago dituzten sei laguni (lau gizon eta bi emakume izango dira, baina irizpideen arabera genero banaketa hala jaso arren, aurkeztutako proiektuen arabera malgutasuna izango da) eta 30 urtetik gorako bati (emakume bat eta gizon bat). Gutxienez 1.000 euroko laguntza eta gehienez 3.000 eurokoa jasoko du eskatzaile bakoitzak.

2.- Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntza, negozio ideia zehatz bat garatuta eta abian jartzea nahi dutenentzat zuzenduta dago. Laguntza hori 30 urte baino gutxiago dituzten lau pertsonek jasoko dute (bi emakume eta bi gizon). Gutxienez 1.500 euroko diru-laguntza eta gehienez 1.950 eurokoa emango zaio eskatzaile bakoitzari.

Proiektuak otsailaren 20a bitartean aurkeztu behar dira Azpeitiko udalean, eta eskatzaileak NANren fotokopia eta Curriculum Vitaea ere eman beharko ditu. Hilaren 21etik 23ra bitartean proiektuak aztertuko dituzte, eta otsailaren 26an hasita, hiru hilabetez proiektua garatuko dute ekintzaile onuradunek.

Enpresa ideia garatzeko zein enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru laguntzen eskaera egiten dutenek bete beharreko baldintzak honakoak dira:

  • Ezinbestekoa da langabetua izatea.
  • EAEn erroldatuta egotea.
  • Langile Autonomoen Araubide Berezian lehendik alta emangabe egotea.
  • Garatu nahi den ideia bat izatea.
  • Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona ekintzaileei laguntza emateko kudeatutako deialdietako laguntzen onuradun ez izatea aurreko ekitaldietan.

Diru-laguntzak jaso eta horien inguruko informazio gehiago eskuratu nahi duenak Lanbidera (943-59 62 22; lanbide.donostia2@lanbide.net), Azpeitiko Udalera (943-15 72 00; nalkorta@azpeitia.net) edo Iraurgi Berritzenera (943-85 11 00; alarranaga@iraurgiberritzen.eus) jo dezakete.