Pedalkadak desertuan

Uztarria.eus 2018ko ots. 6a, 14:13

AEBetako ‘Route 66’ ibilbide mitikoa egin du Mamen Etxanizek. 35 egunetan, 3.450 kilometro egin ditu bizikletaren gainean. Uztarriaren urtarrileko aldizkarian, 201. zenbakian, Etxanizek ibilbide horretan ateratako irudiekin Ihintza Elustondo kazetariak egindako argazki erreportajea da honakoa.

Pentsatu eta egin

"Bizitza guztia" darama bizikletan ibiltzen Mamen Etxaniz Kinttelak (Azpeitia, 1961). Duela sei urte Tibetera eta Nepalera joan zen bizikletaz bidaiatzera, eta inguruotan ere ibilbide ugari egindakoa da. Aurten "ezer berezirik" egiteko asmorik ez zuen, baina ekainean aurrejubilatu egin zen, eta, hil berean, ama galdu zuen, "zoritxarrez". Denbora nahikoa zuela aprobetxatuz, pentsatu zuen: "Zer arraio!". Bizikleta hartu eta AEBetako Route 66 ibilbidea egitera animatu zen, bakar-bakarrik. 3.939 kilometro ditu errepideak, eta sei estatu gurutzatzen ditu: Illinois, Missouri, Texas, Mexiko Berria, Arizona eta Kalifornia.

Etxea gainean

AEBetara joan aurretik mapak eta ibilbideak prestatu zituen Etxanizek, eta abuztuan proba bat ere egin zuen Landetan (Frantzia) eta Tolosan (Okzitania). Irailaren 27an hasi zuen ibilbidea, bizitzeko behar den guztia bizikletaren gainean hartuta. Hasierako egunetan, kanpin-denda batean egin zuen lo, baina egunak aurrera joan ahala, moteletan ostatu hartzea erabaki zuen. "Egunean zehar hainbeste esfortzu eginda, mereziko dut ba ohean lo egitea!", esaten zion bere buruari Kinttelak.

Gasolindegia geltoki

Ibilbideko kilometro gehienetan basamortua izan du paisaia Etxanizek. Herri gutxi daude inguruetan, baina, tarteka, gasolindegiak topatzen zituen, eta geldialdiak egiteko aprobetxatzen zituen horiek.  Gasolindegietan jatekoa eta edatekoa erosten zituen, eta aurkitzen bazuen, garagardo bat edateko ere aprobetxatzen zuen unea.

 

Egunero, 100 kilometro

Route 66 AEBetan asfaltatu zuten aurreneko errepidea izan zen, eta horregatik da hain ezaguna. 1926an zabaldu zuten errepidea, baina 1985ean haren ondoan autobide berria egin zuten, eta ordutik jende gutxi ibiltzen da bide zaharrean. Izatez, 3.939 kilometro ditu bideak, baina 3.450 egin zituen bizikletaz Etxanizek. Izan ere, euriteak tarteko, gainontzeko 500 bat kilometroak autobusean egin zituen. Batez beste, pedalei eragiten 100 kilometro egin zituen egunero.

Ezusteko atsegina

Kilometro gehienak bakar-bakarrik egin zituen Kinttelak. Izan ere, udaberrian jende askok egiten du Route 66 ibilbidea, baina udazkenean "oso gutxik". Dena den, ezustekorik ere tokatu zitzaion bidean. Mexiko Berrira iristear zela, Jean Coello amerikarrarekin egin zuen topo. Hizketan hasi eta antzeko planak zituztela konturatu ziren, eta, halaxe, bederatzi egun egin zituzten elkarrekin, Flagstaff herrira iritsi arte. "Oso ondo" moldatu ziren elkarrekin, eta Etxanizek dio "babesa" izan zela harekin topo egitea. "Nire amak aingeru bat bidali dit", pentsatu zuen Etxanizek.

'Azpeitia' Cadillac autoan

Texaseko Amarillo herriaren inguruan artelan bitxi bat dago: hain zuzen ere, hamar Cadillac auto daude lurperatuta, belardi baten erdian. Inguruetan ez dago batere kolorerik, baina auto horiek bizia ematen diote inguruari. Bertatik pasatzen den jendeak spray poto bat erosi eta nahi duena margotzen du autoetan, eta Kinttela ere animatu zen bere arrastoa uztera. Zer bururatuko, eta 'Azpeitia' idatzi zuen auto horietako batean. Benetan azpeitiarra da, nolanahi ere, Etxaniz.

Bakardadean kantuan

Etxaniz gehien harritu duena da bidean zer nolako bakardadea aurkitu duen. Oso jende gutxirekin egin du topo; tarteka, rantxoren bateko baserritarren batekin, agian. Bakarrik egote hori ez zaiola gogorra egin dio, hala ere. "Neure buruarekin oso ondo entretenitzen naiz". Horretarako zer egiten duen galdetuta, kantatzea dela sekretua dio. Bizikletaren eskulekuan bozgorailu txiki bat jarrita kantuan pasatu ditu orduak eta orduak, basamortuan. 

Azkenean, helmuga

Zer egitera zihoan galdetzean, batek baino gehiagok barre egin zion azpeitiarrari, baina, azkenean, azaroaren 1ean, iritsi zen helmugara, Santa Monicara. "Sekulako poza eta emozioa" sentitu zituen. Denekin akordatu nintzen, batez ere, nirekin bizikletan ibiltzen direnekin