Pedro Luis Uriartek Kontzertu Ekonomikoaz hitzaldia emango du bihar Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko ots. 5a, 13:54
Pedro Luis Uriarte.

Gure Kontzertu Ekonomikoa... eta gure Komunitatea izenburupean ariko da solasean Eusko Jaurlaritzan Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoa, 19:00etan hasita, Munohandi kultur elkarteak antolatutako saioan. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.

Gure Kontzertu Ekonomikoa... eta gure Komunitatea izenburupean hitzaldia emango du bihar Pedro Luis Uriartek Sanagustin kulturgunean. Munohandi kultur elkarteak antolatu duen hitzaldia 19:00etan hasiko da, eta gaztelaniaz emango du Uriartek.

1980-1984 legealdian Eusko Jaurlaritzan Ekonomia eta Ogasun sailburu izan zen Uriarte, eta EAEkon Kontzertu Ekonomikoa prestatu eta Espainiako estatuarekin negoziatu zuen taldearen buru. "Gerorantz ere beti defendatu izan du tresna ekonomiko hori, gure autogobernuaren oinarri eta bultzatzaile nagusi moduan. Beraz, ondo daki zertaz ari den, eta argi eta garbi agertuko dizkigu zer den Kontzertu Ekonomikoa, nola funtzionatzen duen, nola antolatzen den autonomia erkidegoaren hiru lurraldeen arabera, eta nola banatzen diren harekin lortutako irabaziak, zein abantaila eta zein arrisku dituen, eta abar", azaldu dute hitzaldiaren antolatzaileek, "herritar guztiei gonbidapena" egitearekin batera, "oso komenigarria baita jakitea gaur egun dugun ongizatearen oinarrian zer dagoen eta nola funtzionatzen duen". Sarrera irekia izango da.