Ume jolasak, pilota partidak eta herri kirolak izan dituzte protagonista Matxinbentan, Santa Ageda bezperan

Uztarria.eus 2018ko ots. 4a, 22:17

Gaur, Santa Ageda bezpera, usadioa galdu gabe Matxinbentako taldea santa eskean atera da, 08:00etan. Loiolako eta Izarraizko baserrietan kopla kantuan aritu ondoren, herriguneko hainbat taberna ere bisitatu dituzte. Ondoren, Landetan hartu dute atsedena, bazkaltzeko, eta arratsaldean Urrestillako eta Nuarbeko baserri eta etxe ugaritan egin dute bertsotan. Matxinbentara gauerdia baino zeozer lehenago iristea dute aurreikusita.

Bitartean, Matxinbentan gaurkoan ere ez dute festarako abagunea galdu auzotarrek. Izan ere, meza ondoren bertaratu diren ume ugarik buztinezko itsulapikoak puskatzeko aukera izan dute. Kirolerako tartea ere izan da Azpeitiko auzoan, eskuzko bi pilota partida eta herri kirolak jokatu baitituzte.

Auzoko festek astelehen buruzurian ere jarraipena izango dute, bihar baita Santa Ageda eguna. Meza izango da, 11:00etan, eta, ondoren, hamaiketakoa bertaratzen diren jubilatuentzat. Egunaren bukaeran, gainera, auzoko baserritarren produktuekin osatutako saskia zozkatuko dute.

Hona hemen Santa Ageda bezperak eman duena irudietan: