Absolbitu egin dituzte "desordena publikoa" eragiteagatik epaitutako Azpeitiko bi bizilagunak

Uztarria.eus 2018ko ots. 3a, 11:01
Auzipetuak Alcala de Henaresko epaitegiaren aurrean. (Topatu.eus)

2015eko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen epaiketa batean "desordena publikoa eragitea" egotzita auzipetu zituzten 50 lagunen aurkako epaiketa urtarrilaren 9an izan zen. Fiskalak auzipetu guztientzat bost hilabeteko zigorra eskatu zuen, eta epaiaren zain gelditu ziren 50 lagunak. Epaituen artean dira Amaia Agirretxe azpeitiarra eta Eneritz Arzalluz Azpeitian bizi den errezildarra. Atzo eman zuten epaiaren berri, eta publiko guztia absolbitu egin dute. Alabaina, Ernaiko zazpi gazteei eta Topatuko kideei zigor ekonomikoa ezarri diete.

2015eko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen epaiketa batean "desordena publikoa eragitea" egotzita 50 lagun auzipetu zituzten. Gertakari hura jazo zenetik ia hiru urtera, joan den urtarrilaren 9an, 50 lagunen aurkako epaiketa izan zen Alcala de Henareseko epaitegian (Madril, Espainia). Epaituen artean dira Amaia Agirretxe azpeitiarra eta Eneritz Arzalluz Azpeitian bizi den errezildarra. Orduko hartan, fiskalak eutsi egin zion auzipetu denentzako bost hilabeteko zigor eskaerari, eta epaiaren zain gelditu ziren 50 lagunak. Atzo eman zuten epaiaren berri, eta publiko guztia absolbitu egin dute. Alabaina, Ernaiko zazpi gazteak eta Topatuko kideak kondenatuak izan dira: 1.400 euroko zigor ekonomikoa ezarri diete Topatuko eta Ernaiko sei kideri; zazpigarrenari, berriz, 1.600 eurokoa.

2015eko maiatzean, Espainiako Auzitegi Nazionalean izandako gertaerak dira auziaren oinarri. Ernaiko zazpi kide eta Topatu.info atariko kazetari bat epaitu zituzten orduan, terrorismoa goratzea leporatuta, eta auzibide hartako lehen saioan ikusle gisa joan ziren Agirretxe eta Arzallus. Ahozko saio hartan protesta egin zuen hainbat lagunek Angela Murillo epailaren aurrean; hain zuzen ere, auzipetuek, publikoaren babesarekin, herri harresia irudikatu zuten hiru aste lehenago auzitegi berak zazpi gazte zigortu eta espetxeratzeko agindua eman zienei elkartasuna adierazteko. Epaileak publikoan zeuden lagunen eta auzipetutako zortzi lagunen aurkako diligentziak hasi zituen orduan.