Beatriz Odriozola: "Nire izebaren ondoan ikasi nuen postreak egiten"

Uztarria.eus | Besterik | Artikulua
2018-02-02 16:21

Etxekoentzako gozoak egiten hasi zen Beatriz Odriozola, eta, egun, enkarguz egiten ditu jendearentzat. Uztarriaren urtarrileko aldizkarian, 201. zenbakian, Ihintza Elustondo kazetariak hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Beatriz Odriozola gozogilea.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Istorio triste bat tarteko hasi zinen postreak egiten...
Gabonetan familia handia elkartzen gara, eta zereginak denon artean banatzen ditugu. Nire izebak postreak egiten zituen, goxo-goxoak, eta nik bere ondoan ikasi nuen horiek egiten. Baina duela bi urte, gaixotu egin zen izeba, eta ez zen gai Gabonetarako postreak egiteko. Orduan, nik egin nituen, eta bikain nota jarri zidaten familiakoek. Zoritxarrez, izeba hil egin zen Gabon horietan, eta nik hartu dut postreak egiteko ardura.

Ordutik, postre ugari egin dituzu.
Gabon haietan, familiako argazkiak sare sozialetara igo nituen, tartean, postreenak, eta  jendea hasi zitzaidan esaten: “Niri ere egin!”. Urte horretan bertan hasi nintzen jendeari postreak enkarguz egiten: aurrena, lagunei; gero, lagunen lagunei... Ahoz aho zabaltzen joan da, eta Instagram eta Facebook kontuak ere egin ditut: Sabor de Frutas.

Nola egiten dituzu postreak?
Jende pila batek esaten dit: “Zer dauzkazu tresna industrialak? Thermomix?”. Eta ez, ez daukat ezer berezirik. Masa egiten laguntzeko tresna bat daukat, baina, gainontzean, dena eskuz egiten dut, etxeko erara. Ez dut Fondantik erabiltzen, bertako produktuak soilik. Fondanta da plastilina moduko azukrea, dekoratuak egiteko balio duena. Baina lehortu egiten du tarta, eta niretzat garran-tzitsuena da postrea goxoa egotea.

Dekorazioa asko zaintzen duzu?
Jendeak esaten dit zer gairen inguruan dekoratzea nahi duten tarta: Harry Potter, hippy, snowboard... Irudimena erabili behar izaten dut, gauetan hor egoten naiz lo hartu baino lehen tartekin pentsatzen [barreak].

Oso gozozalea al zara?
Bai, bai, niri denetarik gustatzen zait. Gehien txokolatezko gozoak gustatzen zaizkit, baina baita opilak, tartak eta fruten postreak ere. Egaña aurretik pasatzen naizenean, beti esaten diot aitari: “Nik hemen lana egingo banu, porrot egingo luke negozioak!”.  

Zein da postrea ondo irteteko gakoa?
Egiten ari zarena beti probatzen joatea. Kantitate asko ez dakizkit buruz, probatu ahala joaten naiz erabakitzen osagai bakoitzetik zenbat bota.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa