Bost azpeitiar lehiatuko dira Emakume Master Cup pilota txapelketan

Uztarria.eus 2018ko ots. 1a, 13:12

Alaitz Badiolak, Oihana Orbegozok, Maddi Unanuek, Nagore Aramendik eta Oihana Unanuek promozio mailan jokatuko dute, eta igandean izango dituzte eskuz binakako lehenengo partidak, Gasteizen. Maite Iriartek ez du parte hartuko txapelketan, eskuetako arazoak medio.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup eskuz binakako pilota txapelketa hasiko da igandean. Lehenengo mailako eta promozio mailako kanporaketak jokatuko dituzte datozen asteetan, eta promozio mailan hainbat azpeitiar lehiatuko dira. Hain zuzen, Maddi Unanue, Alaitz Badiola, Oihana Orbegozo, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek hartuko dute parte txapelketan.

Guztira, 42 bikote lehiatuko dira maila horretan. Badiolak eta Orbegozok osatuko dute bikote bat, eta Nagore Aramendik eta Oihana Unanuek beste bat. Maddi Unanuek, berriz, Naroa Agirre zestoarra izango du lagun txapelketan. Promozio mailan, kanporaketak kontzentrazio moduan jokatuko dituzte; hau da, hiruko sistemako multzoen bidez jokatuko dituzte norgehiagokak. Modu horretara, bikote bakoitzak bi partida jokatu beharko ditu gutxienez, eta multzo bakoitzeko bikote onenak sailkatuko dira hurrengo kanporaketetarako. Azpeitiarrek, igandean, 11:00etan jokatuko dituzte lehenengo kanporaketak, Gasteizko Ogueta pilotalekuan.

Lehenengo mailari dagokionez, aurten ez da Azpeitiko pilotaririk izango maila gorenean. Maite Iriarte iazko Emaume Master Cupeko lehen mailako txapeldunordea parte hartzekoa zen hasiera batean, baina, antolatzaileek esan dutenez, eskuetako arazoak dituela-eta, azkenean ez da txapelketan izango azpeitiarra. Haren ordez, Nagore Bilbaok hartuko du parte.