Herritarrek mankomunitatearen bulegoan jaso ditzakete txipdun txartelak

Uztarria.eus 2018ko urt. 31a, 15:19

Herriguneko hondakinen bilketa sistema berria iritsi da azken fasera. Aurki hasiko dira edukiontziak aldatzen, eta otsailaren 10etik aurrera txipdun txartela beharko dute herritarrek hondakin organikoak eta errefusa dagokien edukiontzietara botatzeko. Dena den, edukiontziak aldatzen ariko diren egunetan organikoaren nahiz errefusaren herriko edukiontzi oro zabaldu ahal izango dira txartelekin; hilaren 10etik aurrera, norberari dagokion edukiontzian utzi beharko dituzte herritarrek hondakinak.

Dena den, herritarrek edukiontziak lekuz aldatzeko hainbat eskaera egin dute, eta mankomunitatea horiek aztertzen ari denez, gaur egun jarrita dituzten tokiak behin-behinekoak direla jakinarazi dute.

Azken bi asteetan edukiontzi berrientzako txipdun txartelak banatzen aritu dira mankomunitateko langileak, eta gustura daude "jende askok" jaso dituelako. Lehen kalkuluen arabera, txipen %80-edo banatu dutela azaldu du Bereziartuak. Horregatik, herritarrak eskertu nahi izan ditu "aldaketak eragiten duen egonezinari aurre egiteagatik eta sistema aldaketarako prest egoteagatik". Halere, oraindik txipdun txartela jaso ez duten herritarrek Urola Erdiko Mankomunitatearen bulegora, Enparan kaleko 34. zenbakira, joan beharko dute horiek hartzera. Argibideak behar dituztenek ere hara joan edo dei dezakete (943 85 73 19).

Hondakinen bilketa sistema berriaren ezarpena, orain arte, "lasai eta ondo" joan dela azpimarratu du Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. Bestalde, duela bi aste hasita, martxan da sortzaile handien (tabernak, saltokiak...) hondakinak biltzeko sistema berria. Mankomunitatea "gustura" da erantzunarekin: "Oraindik ohitzen ari gara, baina, orokorrean, oso ondo doa guztia. Hondakin organikoen kilo kopurua gero eta handiagoa da, eta hori ondo ari garen seina dela uste dugu".